Mendia

Sakanako Mendizaleak, urte berezia aurretik

Maider Betelu Ganboa 2024ko ots. 21a, 12:00

Ohiko egutegiaz gain, Federacion Vasco Navarraren mendeurreneko ekitaldi bereziak antolatu dira aurten. Aurreko igandean, lehendabizikoz Lekunberriko Ttutturre klubarekin batera egin zuten irteera, esperientzia ezin hobea

Sakanako Mendizaleak koordinakundea Sakanako mendi klubek sortu zuten, guztiek elkarrekin gutxienez hilero irteera bat antolatu ahal izateko, autobusez. Lehenengo irteera 1985ko abenduan egin zuten. Beraz, aurten 39 urte beteko ditu taldeak. Peio Ruiz lakuntzarrak 20 urte pasa daramatza presidente, Sakanako klubetako arduradunak eta boluntarioak bidelagun dituela.

Sakanako Mendizaleak taldea sasoitsu dago. Betiko moduan, urteko lehen irteera ilbeltzaren 6koa izan zen, Beriainera. Astebete beranduago Manolo Igoak eta Pedro Gonzalezek Sabando-Maeztu irteera antolatu zuten, eta igandean lehenengoz beste klub batekin batera egin zuten irteera, Lekunberriko Ttutturrerekin. Miguel Ollok eta Mikel Goldarazenak antolatu zuten otsaileko ibilbidea, eta Lekunberriko mendizaleekin hitz egiten, elkarrekin joateko ideia sortu zen. “Irañetatik aterata, Aralarren gora Agiri herrixka zenera joan ginen. Bertan Agiriko historia kontatu ziguten. Ondoren, Ata bailaratik gora dagoen Akier mendira heldu ginen, eta bertatik Oderitzera iritsi ginen. 80 lagunek bazkaldu genuen elkarrekin sagardotegian, giro ederrean. Esperientzia mundiala izan zen” azaldu dute mendigoizaleek.

Egutegia
Sakanako Mendizaleak taldeak azaroan ixten du urte osoko egutegia, asanbladan adostuta, beti ere Iratxo, Zabalarte, Larrañeta eta Altsasuko Mendigoizaleak kluben irteerak errespetatuz. Nahi duen mendizale orok irteera bat planteatu dezake, eta ongi ikusten bada, egutegian txertatzen da. Hori bai, mendizale horrek izango du irteera hori antolatzeko ardura: ibilbidea zehaztu, kilometrajea eta desnibel datuak Miguel Ulaiarri pasa, hark ibilbideko profila egiteko, eta jatetxeren batekin harremanetan jarri, bazkaria lotzeko. 

Martxoaren 17an Ataun-Lazkaomendi ibilbidea egingo dute (Andoni Gabirondo); apirilaren 14an Goiuri ur jauzia-Izarra (Ismael Tilve); apirilaren 27an Sakanako Ibilaldia; maiatzaren 12an Ezkabako ihesaldiaren bigarren etapa, Olabe-Saigots (Begoña); ekainaren 9an Ondarreta-Igeldo-Orio (Luis), irailaren 8an Narbaiza-Arantzazu (Jose Luis Lizarraga), urriaren 13an Euskal Herriko Erdigunea (Sakanako Mendizaleak); urriaren 27an Orhiko Tunela-Iratiko etxeak (Miguel Ulaiar); azaroaren 17an Tologorri-Txarlazo (Izaskun Bengoetxea); abenduaren 15ean Bidarrai-Artzamendi-Itsasu (Andres Bengoetxea) eta abenduaren 22an Mendigoizale Eguna izango da, Aralarren. Egun horretan banatzen dute hurrengo urteko mendi egutegia. 

Mendeurreneko ekitaldiak
Edozeinek eman dezake izena ibilbideetan, Sakanako Mendizaleak taldeko edonorekin harremanetan jarrita. "Jendea anima dadila, gazteak hurbildu daitezela, gure mendi martxa bat zer den ikusteko. Ibilbide bakoitzeko arduradunak pausoa markatzen du, inor atzean ez gelditzeko, eta oso polita da Sakanako herri askotako jendea ezagutzea. Harreman handia sortzen da". Aurten Federacion Vasco Navarraren mendeurrena denez, ekitaldi bereziak daude. Martxoaren 16an herrialde bakoitzeko mendi altuenera ibilbidea egingo da, Nafarroan Hiru Erregeen Mahaira, eta apirilaren 28an Euskal Herriko 100 mendi igoko dira. Larrañetak Beriainera antolatu du irteera, Iratxok Ergara eta Altsasuko Mendigoizaleak Dulantzera. Maiatzaren 18an mendizale guztiek Elgetan egingo dute topo.