Pilota

Altsasuko partidarako, prest

Guaixe 2024ko ots. 16a, 11:30

Burunda pilotalekuak Binakako Txapelketako ligaxkako azken jardunaldiko partida hartuko du otsailaren 16an, ostirala. Aukerarik gabe dauden Ezkurdia-Tolosak Jaka-Mariezkurrena liderrak dituzte aurkari, eta biek jokoan dagoen puntua nahi dute

Ezkurdiak eta Tolosak bizirik eta play-offetan sartzeko aukerekin iritsi nahi zuten gaur, ostirala, 22:15ean Altsasuko Burunda pilotalekuan hasiko den jaialdira, baina Lasoren eta Arangurenen kontra galdu eta gero (10-22), ezinezkoa izan da. Jaka eta Mariezkurrena liderrak irabazita ere, ezingo lukete play-offetan sailkatu. Horregatik, material aukeraketan triste zegoen aurrelari arbizuarra. "Pena handiarekin gaude ez dugulako helburua lortu: partida honetara bizirik iristea. Baina hori ahaztu, eta Altsasun txapelketa ahalik eta aurpegi onenarekin bukatzeko asmoa dugu. Badakigu zaila dugula, baina liderren kontra partida ona egin, eta puntu bat lortzea motibazio handia da" azaldu zuen. Binakakoa bukatuta, erronka berriak helduko dira. "Txipa aldatzeko gogotan nago. Txapelketa hau guretako ez da erraza izan. Ea helburu eta motibazio berriak hartu, eta buruz burukora ongi iristen garen". 

 

 

Jon Mariezkurrena Altsasuko partidarako "gogotsu" dago. "Partida polita espero dugu. Gu jada finalerdietarako sailkatuta daude eta eurek ez dute aukerarik, baina Joseba sakandarra izanda ziurrenik jendea ekarriko du, eta niretako ere polita da hemen jokatzea, Berriozartik gertu dudalako. Dezentetan jokatu dut Burundan, eta gustura jokatzen dut hemen. Gustuko dut, asko" nabarmendu zuen. Partida pare batean baja hartu zuen Mariezkurrenak, baina Tolosan berragertu zen, eta "oso ongi, sentsazio onekin" sentitzen da. "Badirudi eskuan nituen arazotxo horiek gainditu ditudala, eta Altsasukoa konfiantza hartzeko partida polita izango da. Berehala finalerdietako ligaxka dator, eta irabazita iristea komeni zaigu". 

Altsasuko jaialdiko beste partidan, B Serietako edo Promesen Binakako partida hartuko du Burundak. Zubizarreta III.ak eta Ugartemendiak Exposito eta Gaskue izango dituzte aurkari.