Futbola

Jose Antonio Claver entrenatzailea, saritua

Guaixe 2024ko ots. 20a, 10:30

Jose Antonio Claverrek, ezkerrean, oroigarria jaso zuen. NAFARROAKO FUTBOL FEDERAZIOA

Nafarroako Futbol Federazioak 2022/2023 denboraldian mailaz igo ziren taldeen entrenatzaileak omendu zituen Entrenatzailearen Egunean. Tartean Lagun Arteako jubenilen entrenatzaile Jose Antonio Claver altsasuarra dago

Nafarroako Futbol Federazioko Entrenatzaileen Batzordeak Entrenatzailearen Eguna ospatu zuen otsailaren 3an. Ekitaldian 2022/2023 denboraldian mailaz igo ziren taldeetako entrenatzaileek, 30 inguruk, aitortza jaso zuten. Oroigarria igotzera igo ziren  entrenatzaileen artean Jose Antonio Claver altsasuarra zegoen, Lakuntzako Lagun Artea taldeko jubenilen taldeko entrenatzailea. Joan zen urtean jubenilen bigarren mailatik lehen mailara igo zen Lagun Arteako taldea, eta aurten bigarren mailan lehiatzen ari da, Claverren aginduetara baita ere. Hauxe ez da Claverrek jasotzen duen aitortza bakarra, Lakuntzako udako festetan Claver eta Lagun Arteako jubenilen talde guztiak festetako txupinazoa pizteko ohorea izan baitzuten. 

Entrenatzaileen Eguneko sari emate ekitaldi nagusia Baluarteko Ziudadela egoitzan izan zen. Hasieran Abel Mourelo eta Paco Lopez teknikarien hitzaldiak izan ziren, Granada eta Levanteko teknikari ohienak. Nafarroako teknikari eta entrenatzaileei euren oroigarria banatu ondoren, Entrenatzaileen Batzordeak Osasunako entrenatzaile Jagoba Arrasate omendu zuen, talde gorritxoak 2022/2023an egindako lan historikoa eskertzeko. Talde gorritxoa Kopako txapeldunordea izan zen eta Supercopan eta Conference Leaguen parte hartu zuen, azken bi hauetan historian lehenengoz. “Une oso bereziak izan ziren, eta oroimen horiek betirako izango ditugu. Denboraldi ikaragarria egin genuen, eta orain gerra ematen jarraituko dugu” nabarmendu zuen Arrasatek. Ekitaldian Entrenatzaileen Batzordeko zuzendari Julian Zudairek oroigarria jaso zuen, eta Entrenatzaileen Eskolako zuzendari Javi Lergari ohorezko intsignia eman zioten, Munduko Txapelketa irabazi zuen Espainiako emakumezkoen selekzioko bigarren entrenatzaile izateagatik. 

Hain zuzen ere, ekitaldian bildu zirenak Espainiako Emakumezkoen selekzioak irabazitako Munduko Kopa gertutik ikusteko aukera izan zuten, baita gizonezkoen selekzioak lortutako UEFA Champions League trofeoa ere. Bi trofeoak Nafarroako Futbol Federazioan egon ziren ikusgai egun batzuez.