Arakilgo Udalak bi industrialde ditu. Industrialdeetako bat Irurtzungo Erabidea industria gunearen eta Nafarroako Autopista (AP-15) artean dago. Bestea, berriz, Etxarrengo Ardantzeta da. Bi industrialdeak garatzeko Arakilgo Udala Nafarroako Gobernuaren zain dago. Izan ere, foru administrazioak industria eremu bakoitzarendako Udalaz Gaindiko Eragin Plan Sektoriala egin beharra du. Plan horien bidez espazioak ordenatu egiten dira, gero eraiki ahal izateko. Irurtzungo planaren zain zazpi urte darama udalak. Etxarrenen enpresa bat dago 2022tik.
Oihana Olaberria Jaka alkateak jakinarazi duenez, Nasuvinsa enpresa publikoko eta Lurralde Antolakuntzako zuzendaritzako ordezkariekin bilerak izan ditu berriki. "Ez dago aitzakiarik plan horiek egiteko. Ardantzeta industrialdean enpresek interesa dute". Alkateari jakinarazi diotenez, Irurtzungo industrialdeko plana aurreratuagoa legoke.
Bestetik, alkatea foru administrazioko beste ordezkari batzuekin bilera izan du. Azken hori Nafarbide enpresaren egoitzaren kokapenaz aritzeko. Izan ere, autobiak eta haien bidesariak kudeatuko dituen enpresaren egoitza Arakilen izanen da. Bestetik, Errepide Mantentze Zerbitzua Irurtzun erdigunetik ateratzea aurreikusia dago ere. Gobernuak Etxeberriko markesinaren ondoan kokatzea proposatu du. Arakilgo Udalak, berriz, Ardantzeta industrialdean. Aldeak gaiaz hizketan ari dira.