Foru aurrekontuari Sakanarekin lotutako hamalau emendakin aurkeztu dizkiote

Guaixe 2024ko ots. 22a, 09:00
Nafarroako Parlamentuaren bilkura- UTZITAKOA

Gauzak ongi, horietako hamaika onartuko dituzte. Aurtengo Nafarroako Gobernuaren aurrekontuari aurkeztutako emendakinen bidez Sakanara 966.168 euro iritsiko lirateke. Haietako zortzi udalen inbertsiotarako lirateke, bi Sakanako Garapen Agentziarendako eta atzena Aralarko santutegiarendako.

Aurtengo Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektuari UPNk, PPNk eta Voxek aurkeztutako osoko zuzenketak baztertu egin zituen Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak otsailaren 8an. Haien kontrako botoa eman zuten PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak. Behin lege proiektua Nafarroako Gobernuari itzultzea baztertuta, otsailaren 23tik martxoaren 1era bitartean zuzenketa partzialak eztabaidatuko dira Ekonomia eta Ogasuneko batzordean eta irizpena Osoko Bilkuran eztabaidatuko da martxoaren 7an.

Talde eta elkarte parlamentarioek guztira 874 zuzenketa partzial aurkeztu dituzte, horietatik 841 dira gastu partidei buruzkoak eta beste 33 dira artikuluei buruzkoak. UPN izan da aurrekontu ildoei zuzenketa partzial gehien aurkeztu dizkien taldea, 290 hain zuzen. PPNk 223 aurkeztu ditu. Haien atzetik, PSNk 100, Geroa Baik 75 aurkeztu ditu, EH Bilduk 54, eta Zurekin Nafarroak 34. Horraino 779 zuzenketa, partida ekonomikoei aurkeztutako 841etatik.

Aurreko urteetan bezala, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak hitzartuta dute beraien artean gehienez 15 milioi euro banatzea. Diru kopurua ordezkaritzaren arabera banatuko dute: PSNrendako 5,3 milioi euro, EH Bildu 4,4 milioi euro, Geroa Bai 3,5 milioi eta Zurekin Nafarroa 1,7 milioi. Horretarako 325 zuzenketa aurkeztu dituzte, bakarka edo elkarrekin hitzartuta.  Aurreko urteetan laurek aurkeztutako emendakinek egin dute aurrera eta, gauzak ongi, pentsatzekoa da aurten ere hala izanen dela. Emendakin horietako batzuek Sakanarekin zuzeneko erlazioa dute, beste batzuk zeharka. Zuzeneko erlazioa duten emendakin guztiek 1.791.168 euroko poltsa osatzen dute guztira. Horietatik, gauzak ongi, 966.168 euro iritsiko lirateke, UPNk aurkeztutakoa eta PPren biak (825.000 euro) ez bailituzkete onartuko. Emendakinak onartuko balira lanak aurten eginen lirateke, edo behintzat hasi. 

Sakanarekin lotutako emendakinak


Irurtzungo Atakondoa eskola 

Emendakina onartuko balitz, Nafarroako Gobernuak eta Irurtzungo Udalak hitzarmena sinatuko lukete. Helburua Atakondoa eskola publikoko egungo gas naturaleko galdara biomasako galdararekin ordezkatzea. Ondorioz, energia kontsumoa nabarmen murriztuko da eta zentro publikoaren energia eraginkortasuna hobetuko da. Hala jasota dago udalaren energia planean. EH Bilduk emendakin bidez 100.000 euro eskatu ditu. Lanak 180.000 euroko aurrekontua du, 170.000 euro galdarak eta 10.000 proiektu teknikoak. Lanak udan eginen lituzke udalak, baita eskolako 2. eta 3. pasabideak berritzea ere. Azken lan horietara 40.000 euro inguru bideratuko ditu udalak. 

Ihabarko Eskribarena etxea
Arakilgo Udalak eraikina birgaitu eta bertan bost bat etxebizitza sortu nahi ditu, ibarrean etxebizitza eskuratzea errazteko helburuz. Lanek 812.805,62 euroko aurrekontua dute. Joan den urtean EH Bilduren emendakin baten bidez 300.000 euro bideratu ziren horretara. Baina dirua ez zen Arakilera iritsi Etxebizitza Departamentuko eta gobernuko kontu hartzaileek geratu zutelako. Departamentuan ez zuten proiektuko etxe kolaboratibo izendapena begi onez ikusi. Arduradun aldaketa izan da eta etxe kolaboratiboei buruzko legea onartuko da. Horren ondoren iritsiko litzateke dirulaguntza Arakilera. Bitartean, EH Bilduk horretarako 10 euroko emendakina aurkeztu du, ondoren diru kopurua handituko litzatekeelako.  

Aralarko santutegia: bideen hub-a. 
Europako San Migel tokien ibilbidea eta Donejakue bidea Aralarren batzeko egitasmoa mahai gainean dago. Elizak santutegi ondoko eraikinean gazte aterpea eta ostatua egin nahi ditu. Geroa Baik 10 euroko partida sinbolikoa proposatu du, baina hala dagokionean, funts gehiago izan ditzan. UPNk asmo berarekin 400.000 euroko emendakina aurkeztu du. 

Uharte Arakilen aterpetxea 
Nafarroako Gobernuak eta Uharte Arakilgo Udalak hitzarmena sinatuko lukete emendakina onartuz gero. Haren ondorioz egoera txarrean dauden futbol zelaiko eta igerilekuen aldagela, ekipamendu eta biltegi gisa eraikitako espazioa lehengoratuko lirateke, zikloturista eta erromesendako aterpetxe txikia eraikitzeko. Lehenengo fasean, estalkiak, eraispenak, hornidura eta saneamendu instalazioak, zimenduak eta zolak desamiantatuko lirateke. Oinarria utziko litzateke hurrengo bizpahiru fasetan lana despeditzeko. Lehen fase horretarako EH Bilduk 90.000 euro bideratu nahi ditu emendakin bidez. 

Sakanako Mankomunitatearen egoitza 
Ibarreko erakundearen eraikinaren teilatua egoera txarrean dago eta amiantozko elementuak ditu, lehenbailehen kendu beharrekoak. Horrez aparte, beste mantentze eta zaintza lan batzuk egin behar dira. Eraikina hainbat udal eta kontzejuren jabetzakoa da. Lakuntzako Udala izanen litzateke toki erakunde guztien izenean arituko litzatekeena lana kudeatzen. Lanak 212.000 euroko aurrekontua dute, hain zuzen ere, EH Bilduk aurkeztutako emendakinaren kopuru bera. 

Arbizuko kiroldegiko klimatizagailua 
Arbizuko Udalak kiroldegian duen klimatizagailua aldatu eta berria jarri nahi du. Dagoena zaharra da eta eraikina txikiagoa zenean jarri zen. Kiroldegia handitu zuten eta makinak ez du bere funtzioa ongi bete. Lan hori eginez igerilekuen guneko egungo baldintza termikoak hobetu nahi ditu, ez baitira lortzen horrelako espazioetarako behar diren tenperatura eta hezetasun balioak, sistemaren energia eraginkortasuna hobetzeko eta, bide batez, 86/2018 Foru Dekretua betetzeko. EH Bilduk aurkeztutako emendakinean 120.000 euro eskatzen da horretara bideratzea. 

Bakaikurako ekipamendua 
Emendakina onartuz gero gobernuak eta Bakaikuko Udalak hitzarmena sinatuko lukete. Eskola zaharretako beheko solairuak udalak egindako haur eta gazte txokoa eta erabilera anitzeko gela janztera bideratuko litzateke laguntza. Altzariak, proiektorea eta beste erosiko lirateke 24.500 eurorekin. EH Bilduk aurkeztu du emendakina. 

Autobia Iturmendi parean egokitu
Sakanako Autobia (A-10), Etxarri Aranatz eta Altsasu artean arriskutsua da euria eta lainoa dagoenetan. Horregatik, PPk autobia Iturmendi parean egokitzea proposatu du, ibilbidea seguruagoa izan dadin eta istripuak saihesteko. Popularrek emendakin bidez horretara 250.000 euro bideratzea proposatu dute. 

Urdiaingo frontoiko teilatua
Oniritzia jasoz gero, foru administrazioak eta Urdiaingo Udalak hitzarmena sinatuko lukete. Haren helburua litzateke udal pilotalekuaren teilatutik amiantozko elementuak lehenbailehen kentzea eta metalezkoengatik ordezkatzea. Etorkizunean udalak han eguzki plakak jartzeko aukera luke. Horretarako, EH Bilduk 90.000 euro dituen emendakina aurkeztu du. 

Altsasuko euri uren kolektorea
Otadiako Kristo Deuna 3. sektorearen plan partzialean jasoa zegoen euri urak jaso eta Arakil ibaira hustea. Halako lanik ez zen egin, eta behin-behineko irtenbide bat egin zen: euri-urak ur sare unitario zahar batera isurtzea. Hartan euri urez aparte ur beltzak jasotzen dira. Baina irtenbide horrek ez zuen Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimenik. Denbora gutxian euri zaparrada handiak daudenean, udan bereziki, uholdeak eragiten ari da inguru horretan, ur beltzen hodi zaharrak ez duelako nahikoa sekziorik sektoretik datorren euri ur guztia eramateko. Uholde horiek etxebizitzetan ere eragina izaten dute.

Arazoa Arakil ibaian bukatuko duen euri uren sare berri bat eginez konponduko du udalak. Horretarako trenbide azpitik pasatu beharra dago. Nafarroako aurrekontuak onartu bezain laster  udalak dirulaguntza emanen zaionaren ebazpena eskatuko luke, proiektuaren erredakzioa emateko beharrezko forma betebehar bat baita. Proiektuak Ebroko Ur Konfederazioaren eta tren azpiegituren kudeaketaz arduratzen den Adif enpresaren txostenak behar ditu. Ondoren obra emateko deialdia egin beharko da. Lanak aurten hasi eta heldu den urtean despedituko lirateke. 

Inbertsio hori ezin izan da sartu 2022-2028 Tokiko Inbertsioen Planean sareak ez baititu 30 urte baino gehiago. Lana egin ahal izateko, Geroa Bai emendakin bidez proposatu du gobernuak Altsasuko Udalari 300.000 euro transferentzia egitea, proiektuaren erredakzioa, obra zuzendaritza eta lanak ordaintzeko. 

Altsasurako bi mediku eta pediatra 
Altsasuko osasun zentroan lehen mailako arretako bi mediku eta pediatra bat kontratatzea nahi du PPk. Horretarako, 175.000 euro bideratzea proposatu du emendakin bidez. 

Enerkide proiektua 
Dinabiden ilbeltzaren 31n egindako bilera baten bidez martxan jarri zen Enerkide proiektua. Mugaz gaindiko energia komunitateak bulkatzea du xede Sakanako Garapen Agentziak (SGA) gidatzen duen egitasmoak. Hala, energia trantsizioa eta energia komunitateak sortzea erraztuko dira. Proiektuak urte eta erdiko iraupena du, eta 149.790,50 euroko aurrekontua. Haren erdia Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa euroeskualdeak ordainduko du, Nafarroako Gobernuak %30 eta SGAk%20. Foru administrazioaren aurtengo finantziazio atala ordaintzeko 2.600 euroko emendakina aurkeztu du Geroa Baik. 

Europako Edit egitasmoa 
Sakana Garapen Agentziak Europako Poctefa Edit proiektua gauzatu nahi du. Haren bidez Nafarroako Ekonomia Zirkularrean aurrera egin eta nekazaritzako elikagaien sektoreko produktuen pasaporte digitalaren arloan interes handiko proiektua gauzatu ahal izanen da. Poctefa laguntzaren bidez proiektuaren %65 finantzatuko da, Nafarroako Gobernuak %25 jarriko du eta SGAk %10. Gobernuaren zatia ordaintzeko, Geroa Baik 17.058 euro jasotzen dituen emendakina aurkeztu du.