Laneko Autodefentsa Sarea aurkeztu dute

Guaixe 2024ko ots. 20a, 09:31

Laneko Autodefentsa Sarearen aurkezpena. @Kontseilua_Sak

"Langileon autodefentsa sozialista antolatzeko tresna"dela jakinarazi dute.

Sakanako Kontseilu Sozialistak (KS) ibarreko Laneko Autodefentsa Sarea (LAS) aurkeztu zuen otsailaren 12an. KS-ko kideek adierazi dutenez, "LASek lan baldintzen defentsarako baliabideak eskainiko ditu, lan esparruan jasaten ditugun erasoak borrokatuko ditugu eta enpresarien zigorgabetasunari aurre eginen diogu. Eta lorpen horiek denboran iraunaraztea bermatuko duen Estatu Sozialistaren eraikuntza prozesuan aurrera egiteko". 

Bestalde, "beharrezkoa da lan baldintzen alde borrokatzeaz aparte, gizarte kapitalista hau gaindituko duen proiektu komunista baten alde lan eginen duten tresnak sortzea". Aldi berean, "beharrezko" jo zuten "langileria independentzia politikoaren printzipioetan antolatzea, hau da, bere interesen alde eta ez estatu burgesean integratzera bideratutako estrategia betan baitan, iraultza politiko baterako aukerak ezabatuz". 

Zergatiak
LASen aurkezpenean adierazi zutenez, "gaur egun krisi kapitalista egoeran gaudela ukaezina da. Langileon bizi baldintzei eraso die burgesiak, gure aurrezkiak euren irabazi bihurtzeko. Inoizko langabezia tasa txikienetakoa dugula saldu nahi badigute ere, errealitateak erakusten digu propaganda hutsa besterik ez dela". Salatu zutenez, "langileok bizi dugun ezegonkortasuna inoizko handiena" dela. Aldi berean, salatu zuten otsailaren 12ra arte Euskal Herrian 12 langile hil zirela, eta Sakanan lau hilabetetan bi langile hil zirela lan istripuan. 

Lan eremutik kanpoko egoera ere ez dela xamurra nabarmendu zuten LASen aurkezpenean. Zerrendatu zituztenen artean daude: inflazioaren eta prezioen gorakada, zerbitzu publikoen degradazioa edo osasun publikoaren eraistea, errepresioa, eskubide politiko eta sozialen murrizketa eta beste.