Pilota

Momentuz, hirutik bakarra Binakako finalerdietan

Guaixe 2024ko ots. 19a, 11:20

Zabaletaren eta Etxeberriaren besarkada, finalerdietarako zuzeneko txartela lortu eta gero. EITB

Etxeberria eta Zabaleta zuzenean sailkatu dira finalerdietara Artola eta Imaz 15 tantotan utzi ondoren. Altuna eta Martija hirugarren sailkatu dira eta play-offak jokatuko dituzte, eta Ezkurdiak eta Tolosak azken postuan bukatu dute ligaxka, Altsasun galdu eta gero 

Binakako Txapelketako hasierako ligaxka luze bezain gogorra despeditu da. Jaka eta Mariezkurrena liderrekin batera (11 puntu)  Peio Etxeberria eta Zabaleta sailkatu dira zuzenean finalerdietarako. Aspekoek Baikoko Artola-Imazekin zuten jokoan finalerdietako txartela preziatua, Labriten, eta partida zirraragarrian 22 eta 15 gailendu ziren Etxeberria eta Zabaleta. Etxeberriak hasiera ikusgarria eman zion partidari, eta berehala zabaldu zuten tartea, garaipena eta ligaxkako 9. puntua lortuz, sailkapeneko bigarren postua hain zuzen ere, finalerdietarako txartel zuzena eman diena. Pozez ospatu zuten lortutakoa. 

Sailkapenarekin jarraituz, play-off postuetan Altuna III.a-Martija hirugarren sailkatu dira eta Artola-Imaz laugarren, zortzina punturekin. Peña II.a-Albisu bosgarren izan dira (6 puntu). Play-offetako seigarren postua Elordi-Rezustak eta Laso-Arangurenek izan zuten jokoan igandean, otsailaren 18an, Atano III.ean. Partidak ikusmin handia piztu zuen. Hasieran 10 eta 1 aurreratu ziren Elordi eta Rezusta, baina hamalauna berdintzea lortu zuten Lasok eta Arangurenek, eta hortik aurrera zeharo gogortu zen lehia. Azkenean, ikaragarri sufrituta, Elordik eta Rezustak 22 eta 19 irabaztea eta jokoan zegoen play-offetako seigarren postua (6 puntu). Laso-Aranguren zazpigarren sailkatu dira eta Ezkurdia-Tolosa zortzigarren, biak launa punturekin eta finalerdietan sartzeko aukerarik gabe. 

Altsasun, parez pare
Jaka eta Mariezkurrena liderrek eta sailkapena ixten zuten Ezkurdiak eta Tolosak ostiralean Altsasun jokatu zuten partida oso estua izan zen. Bi bikoek akatsak egin zituzten, eta lehia oso parekatua izan zen. Berdinketak, bata bestearen atzetik. Baina azken txanpan liderrak finago ibili ziren eta 20 eta 22 irabazita, euren 11. puntua bildu zuten. 

Altsasuko partidan 502 pilotakada gurutzatu zituzten pilotariek. Datuei erreparatuz, Ezkurdiak 5 tanto egin eta 5 galdu zituen, eta Jakak 9 tanto egin eta 5 galdu. Atzelariei dagokienez, Tolosak 2 tanto egin zituen eta 5 pilota galdu, eta Mariezkurrenak 3 tanto egin zituen eta 8 pilota galdu, asko gora joan zitzaizkionak. 

Jaka haserre azaldu zen txapelketan barna izan duten materialarekin. “Gaurkoa horren adibidea da. Iruditzen zait orokorrean partida txarra izan dela, eta aitzakia materialari jarriko nioke. Iruditzen zait pilota zozoak izan direla, graziarik gabekoak. Jonek duen kolpearekin atzean mina egiteko ez du gehiegi botatzen duen pilota behar, baina nik errematerako grazia duten pilotak behar ditut. Gaurko sei pilotak txarrak iruditu zaizkit. Txapelketan materiala kenduz bezala ibili direla iruditzen zait, ez dakit Jonen beldurragatik edo zergatik, baina gaurkoa iruditzen zait aipatzekoa dela”. 

Ezkurdia triste azaldu zen, agur esan behar izan baitiote Binakakoari. “Pena handiarekin gaude, txapelketan gehiago egin ahal genezakeen sentsazioarekin. Baina guretako txapelketa bukatu da, nahi baino azkarrago; honek ez du bueltarik. Ez dago besterik, segi egin behar”. Hemendik aurrera Buruz Burukoa prestatzen hasiko da Ezkurdia. “Beste helburu bat, motibazio berria; ea ongi aritzen garen”.  

Play-offak
Asteburuan play-offak erabakiko dira. Otsailaren 22an, osteguna, Altunak eta Martijak Artola eta Imaz izango dituzte aurkari Tolosan, eta otsailaren 23an, Amorebieta-Etxanon, Elordik eta Rezustak Peña eta Albisu. Bukatzeko, otsailaren 25ean, Bilbon, Tolosako galtzaileak Amorebietako irabazlea izango du aurkari.