Abuztuaren 17an Lisboan hasi eta irailaren 8an Madrilen despedituko den Vueltan zein taldek parte hartuko duten ostiralean, otsailak 16, azaldu zuen antolakuntzak. UCI World Team mailako hemezortzi talde izango dira (Alpecin, Arkea, Astana, Bahrain, Bora, Cofidis, Decathlon AG2R, Education Easypost, Groupama, Ineos, Intermaché, Lidl-Trek, Movistar Team, Soudal Quick-Step, Team DSM Firmenich, Jayco Alula, Visma eta UAE Emirates), UCI Pro Team mailako Israel Premier Tech eta Lotto taldeak, eta, azkenik, gonbidatu dituzten bi taldeak Kern Pharma eta Euskaltel Euskadi dira. Rural Kutxa-Seguros RGA gonbidapenik gabe geratu da. Joan zen urteko edizioan, 2023an, Rural Kutxak eta Burgos BH taldeek jaso zuen gonbidapena, eta Euskaltel eta Kern Pharma Vueltarik gabe geratu ziren.
Erreakzioak
Euskaltel Euskadin poz handiz jaso dute berria. “Eguneroko lanaren saria. Eskerrik asko, La Vuelta; gure mailarik onena emango dugu errepidean” azaldu du taldeak. Jorge Azanza zuzendari altsasuarrak nabarmendu duenez, “gonbidapen hau oso garrantzitsua da. Oso zoriontsu gaude taldean. Unipublici eskerrak eman nahi dizkiogu, gugan erakutsitako konfiantzagatik. Gure konpromisoa Vueltan behar den moduan erantzutea izango da". Vueltak bultzada handia emango die talde gisa. “Taldea hazten ari da azken urteotan, eta bultzada handia emango digu kirol arloan. Beraz, Vuelta hasi arteko hilabete hauetan lasterketa guztietan sendo aritzeko balio behar digu”.
Kern Pharma taldeko kirol zuzendarietako bat da Pablo Urtasun urdiaindarra, eta Vueltako gonbidapena oso kontentu hartu dute. “Vueltara itzultzeaz harro. Eskerrik asko erakutsitako konfiantzarengatik; Vueltan dirdira emateko guztia emango dugu” azaldu dute taldean. Juanjo Oroz zuzendariak nabarmendu duenez, “Vuelta jokatzea Kern Pharma osatzen dugun guztiondako poz handia da. Ametsa da, landu eta disfrutatuko dugun ametsa”.
Aldiz, Rural Kutxa-Seguros RGA taldean gonbidapena ez jasotzea gogorra izan da. “Horrenbeste eman digun lasterketan gure zaleekin berriro bat egiteko lanean gogor jarraituko dugu” azaldu du talde berdeak.