SGAk eta Garalurrek zirkulu ekonomiari buruzko foroan parte hartu dute

Guaixe 2024ko ots. 20a, 12:27

Utzuganen dute egoitza Cederna Garalurrek eta Sakanako Garapen Agentziak. ARTXIBOA

Topaketan Nafarroako hainbat eremutan egiten diren ekintzen berri eman zuten. Sakanako Garapen Agentziak eta Cederna Garalurrek ibarrean egiten ari direnak azaldu zituzten. 

Navarra Zirkular ekimen publiko-pribatua da eta  zirkulu ekonomia bulkatu nahi du Foru Erkidegoko enpresetan. Ekimenaren bulkatzaileen artean Nafarroako Gobernuko lau departamentu daude: Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digital Enpresarialeko Departamentua, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentua, Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentua, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak. Horretaz aparte, bi enpresa publikok ere parte hartzen dute ekimenean: Sodena eta GAN-NIK. Lizarrako Merindadeko enpresen elkarteak, Lasemek, ere ekimena bulkatzen du.

Navarra Zirkular ekimenaren barruan, Zirkulu ekonomia lurraldean izeneko foroa egin zen Iruñean otsailaren 19an. Hartan parte hartu zuten Nafarroako enpresa elkarteek, Toki Ekintzako Taldeek eta herrialdeko garapen agentziek. Guztiek beren eremuetan zirkulu ekonomia bulkatzeko egiten ari diren ekintzen berri eman zuten. Sakanako Garapen Agentziaren izenean entitateko kudeatzaile Iker Manterola Matxainek hartu zuen hitza. Bere hitzartzeak Zirkulu ekonomia, Sakanako jasangarritasunerako hurrengo pausoa izenburua izan zuen. Cederna-Garalurren izenean, berriz, Ibon Mimentza Irala zuzendari-kudeatzaileak hitz egin zuen. Nafarroako Mendialdeko zirkulu ekonomia izan zuen hizketa gai. 

Bestalde, ekimenaren arduradunek joan zen urteko jardunaren balantzea egin zuten. Jakinarazi zutenez, “aurreneko urtean 150 enpresa eta eragile inguruk bat egin dute ekimenarekin. Gainera, 70 diagnostiko baino gehiago egin zaizkie enpresei zirkulu ekonomiaren inguruan duten egoeraren berri eman dezaten eta beren enpresendako negozio-aukera berriak ezagut ditzaten”. Zerbitzua doakoa da, Industria eta Trantsizio Ekologikoko eta Enpresa Digitaleko Departamentuak diruz laguntzen baitu, eta Nafarroako Zirkular webgunearen bidez eska daiteke (https://labur.eus/9yWyG).