Futbola

Lagun Arteak Iruñetik 3 puntu ekarri ditu

Guaixe 2024ko ots. 20a, 12:35
Lagun Artea, garaipena ospatzen. UTZITAKOA

Gizonezkoen Erregional mailako hamazazpigarren jardunaldian talde lakuntzarrak garaipen ederra lortu zuen. Etxarri Aranatzek atseden jardunaldia zuen

Gizonezkoen Erregional mailan hamazazpigarren jardunaldiak albiste ona utzi du gurean. Lagun Arteak Liceo Monjardin izan zuen aurkari Sanduzelain, eta talde lakuntzarrak 3 puntu gozo lortu zituen, 0 eta 1 irabazi eta gero. 

Bi taldeek lehia polita eskaini zuten Sanduzelain. 15. minutuan Gorka Hernandezek Lagun Artea aurreratu zuen. Liceo Monjardin partidari buelta ematen saiatu zen, baina Lagun Arteak ongi eutsi zuen eta 3 puntu oso garrantzitsu lortu zituen, sailkapenean gora egitera ahalbideratu diotenak. 

Etxarri Aranatz taldeak, bestalde, atseden jardunaldia zuen. 

Datorrena
Gauzak horrela, Mutilvera C taldeak jarraitzen du Erregional mailako laugarren multzoko lider (42 puntu). Etxarri Aranatz bigarren postutik laugarrenera jaitsi da (35 puntu), asteburuan atseden jardunaldia izan zuelako. Eta Lagun Artea zazpigarren postuan dago (28 puntu). Otsailaren 25ean, igandea, Etxarri Aranatzek sailkapenean hamabigarren den Asdefor taldea hartuko du San Donato zelaian, 16:00etan. Egun eta ordu berean, Lagun Arteak sailkapenean bosgarren eta arerio zuzena den Barañaingo Lagunak B taldearen kontra jokatuko du, Zelai Berrin.