Txirrindularitza

Afizionatuak eta juniorrak, martxan

Guaixe 2024ko ots. 23a, 10:30

2023ko Etxarri Aranazko eta Ergoienako Muinoak lasterketa. MARTIN EARLY

Afizionatuen Euskaldun Txapelketa otsailaren 24an hasiko da, Emakumezkoen Euskaldun Txapelketa otsailaren 25ean, eta Nafarroako juniorren denboraldia, otsailaren 24an. Lanari ekiteko irrikaz daude gure txirrindulariak

Txirrindulari profesionalak urtea hastearekin batera ekin zioten 2024 denboraldiari, eta orain afizionatuen eta kategoria txikiko kategorien txanda da. Afizionatuen tropelak dagoeneko iparraldeko Essor Basque txapelketako bost itzulietan parte hartu du, eta tartean sakandarrak izan ziren, baina hegoaldeko amateur egutegia asteburuan jarriko da martxan.

Euskaldun Txapelketak, abian
Larunbatean 10:00etan abiatuko den XVI. Zumaiako Sariak (112 km) Euskaldun Txapelketa mustuko du. Aurten guztira 48 lasterketa jokatuko dira afizionatuen Euskaldun Txapelketa (otsailetik ekainera bitartean) eta Lehendakari Txapelketa (uztaila-iraila) kontuan hartuta. 

Emakumezkoen Euskaldun Txapelketa igandean hasiko da. Etzi Errenteriako Ane Santesteban Txirrindulari saria dago jokoan, 16:00etan hasiko dena. Kategoriei dagokienez, kadete eta junior mailako lasterketa izango da. Emakumezkoen Euskaldun Txapelketan hamar proba jaso dira guztira, eta kadeteen, juniorren eta afizionatuen mailan jokatuko da. Bestalde, martxoaren 3an Espainiako Kopan murgilduko dira gure txirrindulariak. Txirrindulari sakandarrek bereziki Tafallako Beratxan eta Ermitagañako Lacturalen egin dute tokia. 

Juniorrek Altsasu ate joka
Nafarroako egutegian, igandean, 11:00etan, juniorren XLVI. San Veremundo Zirkuitua lasterketa hartuko du Villatuertak (71 km). Juniorrak denboraldiari ekiteko gogotsu daude. Bigarren lasterketa astebete beranduago jokatuko da, Altsasun, martxoaren 3an (10:30), Burunda klubak antolatutako 38. Udaberri Saria (80 km). 

Iker Gomez, selekzioarekin
Aipatzekoa da Quesos Albeniz Burunda taldeko Iker Gomez Lopez de Goikoetxea txirrindularia Espainiako junior selekzioarekin kontzentratuta egon zela ilbeltzaren 18tik 21era, San Vicente del Raspeigen (Alacant), selekzioak 2024 denboraldian izango dituen hitzorduei begira talde harremana sendotu eta entrenamendu espezifikoak egiteko. Txukun ari da Gomez, eta aurten ere juniorren mailan protagonistetako bat izango da. Martxoan Europa mailako txapelketa garrantzitsuren batean parte hartzeko txartel asko ditu altsasuarrak. 

Bestalde, martxoaren 3an Les Franquesesen jokatuko den Fran Premi KH7 UCI lasterketa prestatzeko junior mailako Nafarroako aurreselekzioko entrenamendua antolatu zuen Nafarroako Txirrindularitza Federazioak aste honetan. Bertan parte hartu zuten txirrindularien artean zeuden Iker Begiristain, Eñaut Oiarbide, Ekain Imaz eta beste.