Mank-ek Urdalurren turbina jartzeko lanen deialdia egin du

Guaixe 2024ko ots. 23a, 11:49

Urdalurko edateko uraren araztegian turbina jartzeko proiektuaren irudikapena grisez. MANK

Sortuko duen argindarra bertan kontsumituko da, eta soberan dagoena saldu eginen da .

Sakanako Mankomunitateak Urdalurko urtegi ondoan edateko uren araztegia du. Haren ur sarreran elektrizitatea sortzeko turbina hidrauliko bat jarri nahi du. Hura eskuratu eta instalatzeko lanak emateko deialdia egin du entitateak. Obra egiteko interesa duten enpresek eskaintza martxoaren 1eko 14:30era arte aurkez dezakete. Lanek 91.517,58 euroko (BEZik gabe) aurrekontua dute. Obra bere gain hartzen duen enpresak sei hilabete izanen ditu lanak despeditzeko. 

Urdalurko edateko ur araztegiaren urteko elektrizitate kontsumoa 114.000 kWh-ekoa da (2022ko lastailetik 2023ko irailera). Eguneko batez besteko kontsumoa 313 kWh-ekoa da. Eta batez besteko potentzia eskatua, berriz, 13,0 kW. Proiektuaren egileek adierazi dutenez, “instalazioaren kontsumoak oso egonkorrak dira, eta horrek autokontsumoaren ehuneko handia lortzen lagunduko du”. Izan ere, turbinak energia sortuko du, eta ekoizpenaren zatirik handiena zuzenean kontsumituko da edateko ur araztegiaren barne sarean. Sor daitekeen soberakina, berriz, sarera isuriko da. Soberakin horiek faktura elektrikoan modu sinplifikatuan konpentsatuko dira.

Lanen faseak
Obrari dagokionez, lehenengo eta behin, turbinari eutsiko dion egitura fabrikatu eta muntatuko da. Zati hori Mank-ekin koordinatuta eginen da, betiere edateko ur araztegiaren elektrizitate eta ur hornidurak moztu beharrik gabe. Bigarren fasean zirkuitu hidraulikoa aldatuko da. Presatik heldu den ur hornidura eten behar denez, jarduketa hori teknikari arduradunekin programatuko da, behar besteko aurrerapenarekin. 

Hirugarren fasean, turbina hidraulikoa muntatu eta konektatu behar da. Zeregin hori egin daiteke, edateko uren araztegiaren funtzionamendua oztopatu gabe. Azkenik, turbinaren konexio elektrikoa koadro elektriko orokorrarekin eginen da. Eragiketa horretarako behar den tentsio mozketa instalazioko teknikariekin koordinatuko da. Instalazioa programatzeko eta abian jartzeko, planta kudeatzen duten teknikariekin lankidetzan eginen da.