Eskolatzea euskarazko hezkuntza eleaniztunean egiteko gonbidapena

Guaixe 2024ko ots. 29a, 09:00
Hiru haur Uharte Arakilgo erreka kalean. ARTXIBOA

Nafarroako tokiko hogei erakundek egin dute, tartean Sakanako Mankomunitateak.

Aurki hainbat gurasok hurrengo urteetako hezkuntza-eredua nahiz ikastetxea aukeratuko dituzte. Aurrematrikulazio garaian Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzua gutun bidez jarri da harremanetan haiekin. Haren bidez, "euskarazko hezkuntza eleaniztunak, D ereduak, dituen interesetako batzuk" azaldu dizkie gurasoei. Gutunean adierazten denez,D ereduak "haurrak inklusiboak izan daitezen hezten ditu, haien ezaugarri anitzak kontuan hartuz. Hamarkadaz hamarkada sendotutako eredua da, etenik gabe berritzen eta ontzen dena gure seme-alabentzat egiten duen etorkizunerako bidaian".

Mank-etik gaztigatu dutenez, "D ereduak prestakuntza tekniko eta sozial eleanitza eskaintzen die haurrei, euskararen, gaztelaniaren eta ingelesaren ikaskuntza bermatuz, tokiko eta kanpoko erronkei erantzun ahal izateko". Gaineratu dutenez, "hori guztia bertako kulturan murgilduz, gizarte hau osatzen dugunon jatorri ezberdinekin sentsibilizatuta dagoen hezkuntza-komunitate atsegina eta solidarioa sortuz".

Esna dute, bestalde, "abantailez (gizarte harremanak, enplegua…) betetako etorkizunerako bidaian, gurasoek ikastetxearen eta Euskara Zerbitzuaren laguntza izanen dute". Izan ere, Euskara Zerbitzuaren bidez, baliabideak eskainiko dizkiete gurasoei, "hezkuntza prozesuan hizkuntzak modu integratuan txertatzeko, baita eskolatik kanpo ere. Laguntza horri eskolatu aurretik ematen zaio hasiera, hainbat baliabide eskainiz, hala nola tailerrak, hitzaldiak, material ludikoak eta familiei zuzendutako jarduera-eskaintza zabala". Zalantza duten gurasoek Euskara Zerbitzura jo dezakete, euskara1@sakana-mank.eus posta elektronikora idatziz edo 948 464 840 telefono zenbakira hots eginez.