Tren sozialaren alde egiten duten erakundeek antolatu dituzte Trenbidearen defentsan eta AHTaren txikizioa gelditzeko jardunaldiak. Irurtzun, Altsasun eta Agurain izan dira haien egoitzak. Besteak beste, hitzaldiak, solasaldiak, erakusketak eta ikuskizunak antolatu zituzten.
Jardunaldiei hasiera otsailaren 22ko eguerdian eman zieten parodia eginez: "On Tren jaunari azken agurra emanez". Hilkutxaren atzean zihoan segizioko herritarrek lore eskaintza egin zuten agurtu aurretik. "Bere faltak asko hunkitzen gaitu, nahiz eta On Abiadura Handiko Trenak ordezkatuko duen, zeinak ibarra suntsitu digun, ez gaituen inora eramanen eta dirutza kostatuko zaigun herritar bakoitzari". Aldi berean, gogorarazi zutenez, "On Tren abegitsua, langilea eta borrokalaria izan zen, baina ez zuen porlanaren espekulatzaileen bataila irabazi. Batetik bestera eramateaz arduratu zen izaki berezia izan zen. Poz handiak ematen zizkigun, batez ere, berandu iristen zenean administrazioek bere trenbideetan dirurik inbertitzen ez zutelako". Hiletara agertu zirenek esan zutenez, "haren heriotza ez da ezustea izan, administrazioek egunero gaizki tratatu baitzuten, nahiz eta berak bizinahia agertu". Hala ere, "berak guk borrokan jarraitzea nahiko luke". Segizioan, hilkutxa eraman zutenetako bat izan zen Iñigo Leza Pesquera, Araba trenaren alde plataformako kidea.
Zergatik jardunaldiak?
Proposatu dugun alternatiba ezagutarazi nahi dugu Arabako Lautadan, Gipuzkoako Goierrin eta Sakanan. Pentsatzen dugu jendeak ez dakiela oso ondo zein den guk proposatzen dugun alternatiba. Erakutsi nahi dugu beste leku batzuetan ere halako planteamenduak egin dituztela, esaterako, Iparralden, Espainian eta Italian.
“Erakutsi nahi dugu beste leku batzuetan ere halako planteamenduak egin dituztela”
Hausnartzeko tartea hartu nahi duzue?
Hori da, bai. Kontuan hartu behar da Ipar eta Hego Euskal Herrian eta Italian 30 urte daramatzagula Abiadura Handiko Tren (AHT) eredu horren kontra borrokatzen. Horri buruz ere hausnartu nahi dugu: nola borrokatu garen, zer planteamendu egiten ditugun eta beste leku batzuetan zer proposamen egin dituzten.
Zer tren eredu defendatzen duzue?
Tren sozialaren aldeko apustua egiten dugu: gaur egungo trenbidea hobetu eta erabili behar da; tren gehiago jarri behar dira hiriak, eskualdeak, hiriburuak eta industrialdeak konektatzeko. Gure ustez, ez da egungo trenbidearen paraleloan beste azpiegitura bat egin behar, AHTk erabiliko lukeena bakarrik. Hori egin den tokietan ikusi dugu betiko trena desagertzen joan dela.
Italia eta Iparraldeko borroken berri emanez, zer lortu nahi duzue?
Iparralden AHTren obra berriak-eta momentuz gelditzea lortu dute. Orain dela urte eta erdi Irun, Bordele eta Baionako alkateek egungo trenbidea berritzea eskatu zuten, AHTrako linea berririk ez egitea. Hori interesgarria iruditzen zaigu. Italiako Val di Susan borroka eredugarria egin dute azken 30 urteetan. Nahiz eta Gobernuak kristoren indarra jarri, errepresio izugarria izan, baliabide asko jarri eta polizia eta militarrak bidali dituzten arren, oraindik oso gutxi aurreratu dute. Biengandik asko ikasi dezakegula iruditzen zaigu.
Erakutsi nahi duzue zuen eskaera ez dela erokeria bat?
Hori da. Beste leku batzuetan egin da gurea bezalako eskaria. Esaterako, Errioxan, Zaragozan eta Teruelen halako egitasmoak egin dira aurreko urteetan, Espainiako Gobernuak halako proposamenak egin ditu. Euskal Herrian, zergatik ez? Hori ere azaltzeko etorriko dira Espainiako estatuko ordezkari batzuk ere.
Zer lortu nahi duzue larunbat arratsaldeko konferentziarekin?
Gure alternatiba landu duten ingeniariek gure proposamenaren berri emanen dute. Tren sozialaren aldeko koordinakundean dagoen tren gidariak eskarmentu zabala du. Adif eta Renfeko sindikatu guztiekin akordiora iritsi ondoren egin genuen alternatiba hau. Ekologistak Martxan-eko koordinatzaile orokorra ere izanen da, eta beraien ikuspuntuaren berri emanen du. Konferentziarekin ere irudikatu nahi dugu gure alternatibak ibarretan zer babesa duen. Garrantzitsua da jendea joatea. Argazki polit bat atera nahi dugu apirilaren 20ko manifestaziora deitzeko.
“Konferentziarekin irudikatu nahi dugu gure alternatibak ibarretan zer babesa duen”
Zergatik ari zarete hiru plataformak elkarlanean?
Proiektuak Araba, Gipuzkoa eta Nafarroari eragiten digulako. Errauskailuarekin egin zen bezala, borroka denok batera egitea erabaki dugu. Elkarrekin indar gehiago lortuko dugula ikusten dugu. Eta aukera gehiago izanen ditugula egitasmo horiek gelditzeko eta gaur egungo trenbidea hobetzeko. Gure ustez, azpiegitura berri bat egiteko plana baztertuta egon beharko litzateke.
Guztia apirilaren 20ko deialdiaren atarikoa da?
Bai. Jardunaldiak antolatu ditugu jendea informatzeko eta manifestazio nazional deialdi hori berotzeko. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan hauteskundeak izanen dira. Nafarroan trenbide eredua aldatzeko aukerak egon badaudela ematen du. Apirilaren 20an Altsasura jende asko bertaratzea espero dugu, eta gaur egun dauden planak bertan behera gelditzea lortzea.