Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolak mustuko ditu aurtengo Nafarroako Herri Kirol Jokoak, igandean. Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatuta, txapelketaren 37. edizioa izango da aurtengoa, eta hiru kategoriatan jokatuko da: kimuak (11-12 urte), haurrak (13-14 urte) eta kadeteak (15-16 urte). Kimuen mailan herri kirolen proba konbinatua jokatzen da –koxkolak, zaku lasterketa, txingak eta korrika–, eta haurren eta kadeteen mailan aurreko lanei trontza gehitzen zaie. Horretaz gain, haurren eta kadeteen mailan sokatira txapelketa jokatzen da. Taldeak mistoak dira, neska-mutilez osatutakoak.
Aurreko urteetan bezala, Nafarroako Herri Kirol Jokoetan lehiatuko diren Sakanako taldeak Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletatik sortutakoak dira. Haiei Antsoain, Arantza, Basaburua, Araxes, Berriozar, Igantzi, Joakin Lizarraga eta Paz de Ziganda taldeetatik sortutakoak gehitu behar zaizkie. Urtetik urtera harrera hobea dute Nafarroako Herri Kirol Jokoek, eta gazteek txapelketarekin duten ilusioa harritzekoa da.
Bost jardunaldi, bi Sakanan
Otsailaren 25ean, igandea, jokatuko da Nafarroako Herri Kirol Jokoen lehen jardunaldia, Paz de Ziganda ikastolan. Bigarren jardunaldia Antsoaingo kiroldegiak hartuko du martxoaren 3an, eta hirugarrena Sakanara etorriko da, Altsasura, martxoaren 10ean. Laugarren jardunaldiaren txanda Elizondok hartuko du, martxoaren 17an, eta bosgarren jardunaldia edo finala Etxarri Aranatzen jokatuko da, martxoaren 24an. Jardunaldi guztiak 10:30ean hasiko dira, finala izan ezik; azken hau 11:00etan izango da.
Kimuen konbinatuan hemezortzi talde lehiatuko dira, haurren konbinatuan hamalau talde eta kadeteen konbinatuan zazpi talde. Sokatiraren kasuan, haurren mailako txapelketa 480 kilotan jokatuko da, eta hamar talde daude izena emanda. Kadeteen mailako txapelketa 540 kilotan jokatuko da, eta zazpi talde lehiatuko dira.
Andra Marik proba konbinatuetan zortzi talde izango ditu: bost talde kimuen mailan, bi talde haurren mailan, eta talde bat kadeteen mailan. Horretaz gain, sokatiran haurren mailan bi talde eta kadeteen mailan talde bat aurkeztuko ditu. Beraz, hamaika talde dira guztira.
Iñigo Aritzak, herri kirol konbinatuetan kimuen eta haurren mailako talde bana aurkeztu ditu, eta kadeteetan sokatira taldea. Joan zen urtean ez zen haurren mailako taldea atera, eta aurten ikasleak animatu direnez, oso kontentu daude Iñigo Aritzan.