Herri kirolak

Herri kirol ikuskizuna hasi da

Maider Betelu Ganboa 2024ko ots. 27a, 12:30

Igandean XXXVII. Nafarroako Herri Kirol Jokoak abiatu ziren, Atarrabian. Sakanako hamalau talde lehiatuko dira, Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastolatik sortutakoak. Txapelketa Altsasura eta Etxarri Aranatzera helduko da

Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolak mustu zituen, otsailaren 25ean, aurtengo Nafarroako Herri Kirol Jokoak. Bertan lehiatzen ari diren Sakanako taldeak Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletatik sortutakoak dira. Haiei Antsoain, Arantza, Basaburua, Araxes, Berriozar, Igantzi, Joakin Lizarraga eta Paz de Ziganda taldeetatik sortutakoak gehitu behar zaizkie. Urtetik urtera harrera hobea dute Nafarroako Herri Kirol Jokoek, eta gazteek txapelketarekin duten ilusioa harritzekoa da.

Bigarren jardunaldia Antsoaingo kiroldegiak hartuko du martxoaren 3an, eta hirugarrena Sakanara etorriko da, Altsasura, martxoaren 10ean. Laugarren jardunaldiaren txanda Elizondok hartuko du, martxoaren 17an, eta bosgarren jardunaldia edo finala Etxarri Aranatzen jokatuko da, martxoaren 24an. Jardunaldi guztiak 10:30ean hasiko dira, finala izan ezik; azken hau 11:00etan izango da. 

Andra Mari eta Iñigo Aritza, herri kirolak sustatzen
Andra Mari ikastola aitzindaria izan zen ikastetxeetan herri kirolak sustatzen, Jesus Senar irakaslearekin. Iñigo Aritza ikastola batu zitzaion, eta bi ikastetxeek herri kirolak bulkatzen jo eta ke jarraitzen dute. Sakanako makina bat belaunaldik parte hartu du Nafarroako Herri Kirol Jokoetan urte luze hauetan. 

Andra Mariko herri kirol taldeen ardura Mikel Senarrek du, ikastolako soin heziketa irakasleak. Alboan Jesus Senar aita eta irakasle ohia du Mikelek, gorputzak segi bitartean gustura aritzen baita neska-mutilekin herri kiroletan. "Aurten proba konbinatuetan zortzi talde izango ditugu Andra Marin: bost talde kimuen mailan, bi talde haurren mailan, eta talde bat kadeteen mailan. Horretaz gain, sokatiran haurren mailan bi talde eta kadeteen mailan talde bat ditugu. Beraz, hamaika talde dira guztira". 

Iñigo Aritzako taldeen ardura Jon Lagos ikastolako soin heziketako irakaslearena da. Aurten hiru talde sortu dira, "konbinatuetan kimuen eta haurren mailako talde bana, eta kadeteetan sokatira taldea. Joan zen urtean ez zen haurren mailako taldea atera, eta aurten animatu direnez, oso kontentu gaude". 

Aurreko urteekin alderatuta, partaidetza nahiko antzekoa dela uste du Lagosek. "Aurten 32 kirolari izango dira guztira. Egon dira ere 10 partaide gehiagoko urteak ere, baina antzekoa dela esango nuke". Jesus Senarrek adierazi duenez, "aurreko urteetan 100 ikasletik gora mugitu izan ditugu. Partaidetza gehien izan genuen urtean 120 ikasle pasa izan ziren. Aurten 80 dira". Ez da zenbaki txarra, inondik inora, baina kopuruotan COVID19 pandemiaren eragina ikusten dute biek. 

Pandemiaren eragina
2020 urtean Nafarroako Herri Kirol Jokoen lehen jardunaldia jokatu ondoren iritsi zen COVID-19 pandemiaren etxeratzea eta geldialdia. "Gaur egun DBH 2., 3. eta 4. mailetan dauden ikasleei bete-betean harrapatu zien pandemiak. 2020ko txapelketa bertan behera geratu zen, eta 2021ean ez zen jokatu. Eta hori asko nabaritu da. Izan ere, herri kiroletan ez badago jarraipen bat, gero asko kostatzen da berriro hastea. Eta belaunaldi hori, talde horiek ateratzea da gehien kostatzen ari zaiguna. Kimuen mailakoak berehala animatzen dira, baina haurren eta kadeteen mailan kostatzen ari da" azaldu du Senarrek. Lagos ados dago. "Joan zen urtean, esaterako, haurren mailan Iñigo Aritzan ez zen konbinatua talderik atera. Justu pandemiak bete-betean harrapatu zituzten ikasleen kasua izan zen. Hor egon da zuloa, guri ere gertatu zaigu. Ez dakigu pandemiarengatik izan den ala ez, baina urte horiekin batera gertatu da". 

Kadeteen taldea ateratzea kosta egin zaie Andra Marikoei. Zortzi kirolari zituzten, kopuru oso justua. "Bilera batean Berriozarkoek esan ziguten beraiek kirolariak soberan zituztela. Mix bat egin dugu, eta horregatik, kadeteen taldeak Andraozar izena du. Herri kiroletan aurkariak gara, baina taldeen artean elkarri laguntzen diegu". 

Motibatuta
Bi ikastoletan mugimendu handia dago egunotan. Nafarroako Herri Kirol Jokoak abiatu direla nabari da. "Hor gabiltza buru belarri entrenatzen. Ikasleak oso motibatuta daude, txapelketa gustuko dutelako, eta beste edizio bat hasteko prest gaude, gogotsu" dio Lagosek. Aurten Aste Santua aurreratua datorrenez, eta txapelketak Aste Santurako bukatua egon behar duelako, astebete edo gehiago aurreratu da. "Eta Sakanan Santa Ageda eta ihoteak ederki ospatzen ditugunez, dena elkarrekin etorri da, baina entrenatzen nahiko fin ibili dira ikasleak" gaineratu du. 

Andra Marin ere berdin dabiltza. "Gabonetako oporrak baino lehen hasi ginen pixka bat antolatzen, eta oporren ondoren herri kiroletan entrenatzen hasi ginen". Andra Marin L.H.ko 5. eta 6. mailakoek ostegun arratsaldeetan entrenatzen dituzte proba konbinatuak. Haurren mailakoek eta kadeteek, hau da, DBH-koek, asteartetan entrenatzen dute, atsedenaldian. Trontza entrenamendu espezifikoa ikastolako atsedenaldietan egiten dute. 

Iñigo Aritzan kimuen mailakoek ostegun arratsaldeetan entrenatzen dute, eta DBHkoek, Andra Marin bezala, atsedenaldietan entrenatzen dute, "txapelketa gerturatu denetik, astean hirutan". Haurren mailako konbinatu taldea aurten berriro atera denez, atzera ere trontza entrenamenduekin hasi dira. "Jesus Mari Arza lakuntzarra dator, eta hor ibiltzen gara, gustura. Trontzak motibatzen diela esango nuke" uste du Lagosek. 

Sokatira, Lizarragatarrekin
Andra Mari eta Iñigo Aritza sokatira taldeek entrenatzaile berberak dituzte: Belen eta Nerea Lizarraga ahizpak. Haiei laguntzen Saioa eta Iker ilobak aritzen dira. "Arbizuko kiroldegia sokatira entrenatzeko egokitua dago eta gustura ibiltzen dira neska-mutikoak. Lizarragatarrak entrenatzaile bikainak dira" ados daude Senar eta Lagos. 

Andra Mari eta Iñigo Aritza. Iñigo Aritza eta Andra Mari. Pike pixka bat ere badago bi taldeen artean, pike sanoa, beti-ere. "Gertuenarekin beti egoten da pikea, ezta?" dio Lagok, irribarrez. "Hor ibiltzen gara, pixka bat suak baretzen (kar-kar)" gaineratu du Senarrek. "Honek niri bihotza bi aldeetatik ukitzen dit, Andra Marin lan egiten dudalako, baina Iñigo Aritzako ikasle ohia naizelako. Iñigo Aritzaren alde banoa baita ere, nahiz eta nire ikasleek batzuetan ez duten ulertzen" aitortu du. 

Helburuak
Iñigo Aritzaren helburu nagusia "txapelketan parte hartzea" da. "Nahiz eta gaur egun zaila den hau esan eta betetzea, gure helburua parte hartzea da, Nafarroako hainbat herri bisitatzea, eta beste taldeetako jokalariak ezagutzea, beste herrikoekin harreman polita egiten dutelako. Oso giro euskalduna dago herri kiroletan, eta hori polita da. Txapelketa ere hor dago, baina guk, irabazi edo galdu, bestelako helburu hauei ematen diegu garrantzia gehiago" nabarmendu du Iñigo Aritzakoak. 

Andra Marikoak irabazteko taldeak ateratzen omen dituztela entzuten da Burunda aldean. Ez dela horrenbesterako, aldiz, Aranaz aldean. "Ikasleen arteko kontua izaten da gehiago. Egia da Andra Marin garrantzia ematen diegula herri kirolei, eta egia da pila bat lantzen ditugula. Eta, jakina, lantzen badituzu, txapelketan emaitzak etor daitezke" dio Mikel Senarrek. 

Argi dagoena da Nafarroako Herri Kirol Jokoetan parte hartzen duten kirolari guztiek izugarri bizitzen dutela txapelketa. "Dena ematen dute, erabat bizitzen dute. Beraien artean ere taldea egiten dute, kohesio handikoa. Eta herri kirol txapelketa kanpoko jendea ezagutzeko aukera paregabea da. Gure kirolak dira, eta kiroltasun handikoak, gainera. Alde horretatik oso pozik gaude ikasleen erantzunarekin" uste du Senarrek. 

Irrikaz
Txapelketaren zurrunbiloan sartzeko gogoz zeuden Andra Mari eta Iñigo Aritza. "Neska-mutilak ere urduritzen hasiak ziren; hasteko gogoz zeuden. Txapelketan dena ongi atera dadila, neska-mutilak gustura aritu daitezela, eta gero gerokoak. Emaitzak etorri behar badira, etorriko dira, eta, bestela, txapelei hurrengo urtera arte agur esango diegu, ez baita ere ezer gertatuko" argi du Senarrek. "Polita da ikasleekin txapelketan kanpora ateratzea. Beste harreman batzuk sortzen dira, eta horrek asko ematen du" uste du Lagosek. Biek sakandar guztiak Altsasuko jardunaldira eta Etxarriko finalera gerturatzea animatu dituzte. "Merezi du, giro ederra egoten da".