Elurra egiteko arriskuagatik, errepideetan kontuz ibiltzeko deia

Guaixe 2024ko ots. 26a, 14:46
Elurra kentzeko kamioia Sakanako Autobian (A-10), Etxarrengo zubiaren parean. ARTXIBOA

Nafarroako Gobernuak iparraldeko errepideetan datozen orduetan kontuz ibiltzeko eskatu du.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak elurra kentzeko 41 makina ere jarri ditu, bideen egoera ona bermatzeko. Kopuru handiena astearteko 05:00etan aktibatuko da. Horren baitan daude Urbasan, Irurtzungo autobien korapiloan eta eremu horretako bigarren mailako errepideetan ariko diren elurra kentzeko makinak. 

Eguraldi aurreikuspenaren arabera, Kantauri isurialdean elur prezipitazio "handiak edo iraunkorrak" gertatzeko arriskua dago Nafarroan. Pirinioetako haranen kasuan, 30 zentimetroko lodiera gainditu dezaketen pilaketak egingo dira, baina elur-kota ez da 700 metrotik jaitsiko. Alerta laranja ezarri da elurragatik, euriagatik eta elur-jausiengatik astearteko 11:00ak arte.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak eguneratuta dauka web orria (labur.eus/SN5Lk), errepideen egoera eta denbora errealean gertatzen diren gorabeherak kontuan hartuta. Departamentutik nabarmendu duten errepidez joan etorriak egin aurretik komeni dela errepideen egoeraren berri izatea.

Gomendioak
Nafarroako Gobernuak neguan gidatzeko hainbat aholku gogorarazi ditu. Batetik, "beharrezkoa da trafiko-agintarien jarraibideak eta galtzadan izotza egon daitekeela ohartarazten duten seinaleak errespetatzea". Gainera, "elurra kentzeko makinak ez aurreratzeko, ibilgailua galtzadan ez gelditzeko eta, behar izanez gero, ibilgailua errepidetik kanpo bakarrik aparkatzeko" eskatu die gidariei.

Aldi berean, "gogorarazi behar da hobe dela egunez eta errepide nagusietatik edo bide azkarretatik bidaiatzea. Era berean, garrantzitsua da pneumatikoak, balaztak, bateria, izotz-kontrakoa, argiak, hozgarria eta berogailua berrikustea". Foru Administraziotik gaineratu dutenez, "gomendagarria da erregai depositua betetzea eta 100 kilometrotik behin erregaia hartzea, beti berokia, kateak edo neguko pneumatikoak eramatea, telefono mugikorra kargagailuarekin, eta alkohola eta arraskagailu bat parabrisatik izotza kentzeko".

Beste gomendio batzuk honakoak dira: "bidegurutzeko argiak piztuta zirkulatzea, bat-bateko azelerazioak eta desazelerazioak saihestea, eta aurreratzeak. Elurragatik errepidea blokeatzen bada, ez da aurreratu behar blokeatuta dagoen ibilgailu bat, hori egin ahal izango dela erabat ziur egon gabe, eta ez da galtzadan gelditu behar, galtzadatik kanpo baizik. Ezta ibilgailua utzi ere, babesleku batera iritsi ahal izango dela ziur egon gabe".