Txirrindulariak

Iker Gomez zazpigarren Villatuertan

Guaixe 2024ko ots. 27a, 13:00

Iker Gomez, helmugan. TXIRRINDULARIAK

XLVI. San Veremundo Zirkuituan Oier Ederra (Sumelec Ermitagaña) gailendu zen, baina altsasuarrak sekulako erremontada egin zuen

Otsailaren 25ean Villatuertan jokatutako XLVI. San Veremundo Zirkuituak mustu zuen Nafarroako juniorren mailako egutegia. Lasterketa oso mugitua izan zen, erasoz betetakoa. Oier Ederra (Sumelec Ermitagaña) gailendu zen, helmugara bakarrik iritsita (1:47:33). Atzean segika zituen  txirrindulariak banaka sartu ziren. Iker Gomez altsasuarra (Quesos Albeniz), zazpigarren sailkatu zen, Top-10ean (1:47:58), aurretik ihes eginda zeudenak harrapatzeko sekulako erremontada egin eta gero. Talde nagusia 4 minutu eta erdira sartu zen (1:52:03), eta gainontzeko txirrindulariak ere tantaka iritsi ziren. Eñaut Oiarbide (Quesos Albeniz) 25. sailkatu zen, Ekaitz Perez (Quesos Albeniz) 37. eta Mikel Viloria (Quesos Albeniz) 41.

Hurrena, Altsasun
Juniorren datorren lasterketa Sakanara iritsiko da. Altsasuk martxoaren 3an, igandea, Burunda klubak antolatutako 38. Udaberri Saria hartuko du, 10:30ean (80 km). 

Mazkiaran, Errenterian
Emakumezkoen Euskaldun Torneoa otsailaren 25ean hasi zen, Errenteriako Ane Santesteban Txirrindulari Sariarekin. Kadeteen eta juniorren mailan jokatu zen. Kadeteetan Elena Cuencak (Goenaga yogurrak) irabazi zuen (1:25:32). Aurten Zu-k Limousin taldearekin kadeteetan debutatu duen Eider Mazkiaran altsasuarra 13. sailkatu zen (1:27:56). Juniorretan Ainhoa Sanz (Baque Team) izan zen txapelduna (1:46:30).