Uholdeak Irañetarako errepidea itxi du

Guaixe 2024ko ots. 27a, 08:56
Foruzainak errepidea itxita dagoela adierazten duen seinaleak jartzen. ARTXIBOA

Azken orduetan botatako euriak ibaiak gainezka egitea ekarri du.

Arakil ibaiak gainezka egin du Uharte Arakilen eta herriaren iparraldean, Zubialden, uholdeak eragin ditu. Horren ondorioz, Uharte Arakil eta Irañeta lotzen dituen NA-2410 errepidea moztuta dago Uharte Arakilen iparraldean. Uhartetik Irañetara joateko Sakanako Autobiatik (A-10) joan behar da. Eguraldi iragarpena kontuan izanik, Uharte Arakilgo Udalak ubertearrei jakinarazi zien ibaiak eta errekek gainezka egin zezaketela eta, horregatik, uholde aurrekariak dituzten inguruetara ez hurbiltzea gomendatu zuen. 

Nafarroako Gobernuak Foru Erkidegoko errepide sarean arretaz gidatzea gomendatu du. Uharte Arakilen bezala, Sakanako makina bat herritan gainezka atera dira ibaia eta errekak, baratzeak eta soroak ur azpian geldituz.