Gizonezkoen Erregional mailako hemeretzigarren jardunaldian Etxarri Aranatzek Asdefor taldea hartu zuen San Donato zelaian. Euria mara-mara ari zuela jokatu zen partida. Etxarri atseden jardunaldia izatetik zetorren, baina sasoi betean jarraitzen dutela erakutsi zuten. 17. minutuan Mattin Altzelaik etxarriarren markagailua mustu zuen, eta bizi-bizi jarraitu zuen partidak, guztiz irekita. Bigarren zatiko 61. minutuan Jon Erdoziak bigarren gola sartu zuen, lasaitasunarena, eta Erdoziak berak hirugarrena egin zuen, behin betikoa, 85. minutuan. 3-0 irabazita, hirugarren postura igo da Etxarri.
Lagun Arteak Barañaingo Lagunak B taldea hartu zuen Zelai Berrin. Euria eta hotza, hori zen panorama. Lehen zatian bi taldeak nor baino nor lehiatu ziren, eta husnako berdinketarekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian ere ildo bera izan zuen partidak, 61. minutuan Iker Sanchezek Barañain aurreratu arte. Lagun Arteak ez zuen etsi, eta 77. minutuan Nabil Essobaik bana berdindu zuen, penaltiz. Bi taldeek garaipena lortzeko lanean segitu zuten, baina banakako berdinketarekin despeditu zen partida.
Sailkapena eta datorrena
Mutilbera C taldeak segitzen du Erregional mailako laugarren multzoko lider (45 puntu), Ardoi B taldearen aurretik (39 puntu). Etxarri Aranatz hirugarren postura igo da (38 puntu), eta Lagun Artea zazpigarrena da (29 puntu). Martxoaren 2an, larunbata, Elizondon jokatuko du Etxarri Aranatzek, Baztan B taldearen kontra. Partida 10:00etan hasiko da, Giltxaurdin. Lagun Arteak ere martxoaren 2an jokatuko du, 16:00etan, Zizurren kontra, El Pinar 1 zelaian.