Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Sakanako errepide sareko toki bakarrean daude arazoak. Iparraldeko Autobia (A-1), Olatzagutia parean itxita dago 395 km puntuan luizia izan delako. Autobiako Iruñerako noranzkoa itxita dago eta trafikoa 395 irteeratik aterarazi eta Inguraketa kaletik NA-2410 errepidera bideratzen ari dira. Bide hori hartzea debekatuta dute 5,5 tona baino gehiagoko kamioiek. Herrizaingo, Funtzio Publiko eta Justiziako sailburu Amparo Lopez Antelok jakinarazi duenez, geologo bat bertaratu da egoera aztertzeko eta errepidea egunean zehar berriz irekitzen saiatzeko.
Nahiko zaila dago Arruazu aldetik Arbizura edo Uhartera joateko, autopistatik ez bada, noski 😳😳#uholdeak #nafarroa #sakana pic.twitter.com/RREmxl2OQV
— KoldoLeozGarciandia (@koldinni) February 27, 2024
Egunaren hasieratik egoerak hobera egin du eta Sakanako errepide sareko hiru puntu trafikora irekita gelditu dira. Errotzen NA-7010 errepidea moztuta egon da 17+500 eta 20+100 kilometro puntuen artean Arakil ibaiak gainezka egin duelako. Esan bezala, dagoeneko ibilgailuak handik pasa daitezke. Eta gauza bera Uharte Arakilen, Irañetarako errepidea zabalik dago iparraldean dagoen zubiaren parean uholdeagatik itxita egon ondoren. Errepide bera Uharte Arakil eta Arruazu artean ere moztuta egon da uholdeagatik 14,4 eta 15,7 km puntuen artean, baina dagoeneko trafikorako zabalik dago. Aipatu errepidetik Arruazura ezin zen sartu autobia azpiko pasabidea urpean zegoelako, baina hori ere onbideratu da.