Errigorarekin despentsa betetzeko garaia

Guaixe 2024ko mar. 11a, 09:00

Errigoraren kanpainaren aurkezpena upategi batean egin zuten. UTZITAKOA

Lehen sektorea garai zaila bizi duen unean iritsi da Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina. Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra, arroza, pasta, kontserbak, lekaleak eta ardo loteak euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan eskuratu daitezke.

Dagoeneko martxan da Errigoraren udaberriko kanpaina. Haren bidez urte guztirako eskaerak egitera gonbidatu dituzte herritarrak. Haien eskaintzan daude zainzuriak, piperrak, orburuak, kardua, menestra, arbendolak, barazki potoak, tomatea, dilista poltsak, txitxirio poltsak eta potean, potxak, pasta, arroza eta olioa. Hainbat produktu ekologikok osatzen dute eskaintza. Aurtengo berritasunak ardo berezi eta gorenen eta babarrun gorri poteen eskaintzak dira. Errigorakoek oliba-olio birjina estra bost litroko bidoietan eskaini dute eta gainontzeko produktuak hamabi unitateko sortetan, salbuespena arroza da, seiko lotetan banatuko dena. 

Errigorako produktuak martxoaren 13ra arte eska daitezke. Horretarako, errigora.eus webgunea erabil daiteke, bestela, 848 871 223 telefono zenbakira hots egin daiteke. Erosketa non jaso nahi den ere zehaztu beharko dute erosleek. Orain eskatutakoa apirilaren akaberan edo maiatzaren hasieran jasoko dute eskatzaileek. Ordaintzeko bi aukera daude: online eginez gero, bi zatitan ordaintzeko aukera izanen da. Bestela, dena batera ordain daiteke, eskudirutan, produktuak jasotzerakoan.

Testuingurua 
Merkatuaren logikak aginduta oliba olioaren prezioa igotzen ikusi dugu. Ikusi ditugu nekazari eta abeltzainak traktoreekin protesta egiten ere. Lehen sektoreko egoeraren gordina hiru daturekin azaldu dute Errigorako kideek: Ager eremuko esplotazioen %36 desagertu dira azken 12 urteetan; Nafarroan nekazarien %7k baino ez ditu 40 urte baino gutxiago eta Euskal Herrian 4.000 tona garbantzu kontsumitzen baditugu urtero, 100 tona eskas besterik ez ditugu ekoizten. Testuinguru horrek harrapatu du Errigora komunitatea, ekoizleak salmentak egiterakoan eta kontsumitzaileak erosketak gauzatzerakoan.

Errigorako kideek azaldu dutenez, udaberriro 10.000 kontsumitzailek baino gehiagok erosten dituzte elikagaiak haien bidez. Eta horrek hainbat emaitza eman dituela nabarmendu dute: ekoizle guztiek euskara plan bat dute abian 2023tik, kontserba enpresetako bat gainbeheratik egitasmo berritu bat izatera pasa da, pikillo piper ekologiko landatze berriak sortu dira, lekaleak sustatzeko emandako pausoen ondorioz Hazialdeko nekazaritza kooperatibaren sortu da, Nafarroako oliba olio ekoizpenaren %5,7 banatzera heldu da Errigora eta Euskal Herriko 20 jantoki kolektibotan Errigorako olio, arroz edo dilistak daude menuetan.

Errigoraren ekoizle taldera ardogileak (Mendiko, Lezaun, Azpea eta Aristu upategiak) batu dira. "Errigoraren gaitasunen ikur izan daiteke: erreleboa jaso duten gazteak, lurrari emanak, ekoizpen eredu baliotsuetara engaiatuak, herriari lotuak, etorkizunari atxikiak...", adierazi dute Errigorako kideek. Aldi berean, “amets berriak ere ereiten ari” direla gaineratu dute. Beti ere "nekazariendako lan baldintza duinagoak eskuratzeko; merkatu logikatik ateratzeko ekoizle eta kontsumitzaileen arteko epe-erdiko akordioak bezalako ametsak edota kontsumo elkarte eta eragileekin aliantza sareak osatzea". Badituzte egitasmo gehiago ere. Geureari eutsi leloa duen kanpainarekin, "zailtasunez jakitun, gure ahaletatik ametsetarako bidea marraztu ez ezik, bidea egiten jarraitu. Eutsi gureari! diogunean horixe adierazi nahi genuke, eta noski milaka despentsa betetzen segi!"