Emakume Langilearen Nazioarteko Egunerako Itaiak Emakume langileok borrokara! Sozialismoa eraiki leloa aukeratu du. Martxoaren 8an, 18:00etan, Lakuntzako plazan eta, 19:00etan, Altsasuko Foru plazan eginen diren mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.
Labur bada ere, emakumezkoen egoeraren zein analisi egiten duzue?
Aitziber. Lege aldaketak, zenbait interbentzio pedagogiko, gutxietsitako hainbat identitateren lege aitortza… Egia da emakumeok eskubide formal ugari lortu ditugula eta gure bizimodua zeharo aldatu dela hamarkada batzuk atzerago zegoenarekin konparatuta. Gaur gaurkoz, edozeinek pentsa lezake gauzak jada konpondu egin direla. Gizartearen hainbat sektoretan feminizazio prozesu bat egon da, orain emakumeak daude instituzio zein enpresetan. Baina horrek zer onura ekarri ditu benetan emakumeon gehiengoarentzat?
Geroz eta gizarte aurrerakoiagoan bizi garela sinestarazi nahi diguten arren, emakume langileon errealitatea guztiz bestelakoa da. Izan ere, emakume langileok zapalduak izaten jarraitzen dugu eta hamaika dira geure errealitatea ezaugarritzen duten adibideak, besteak beste, indarkeria matxistaren normalizazioa, gure gorputzen objektibizazioa, etxeko zaintza lanen zama, lan baldintza kaxkarrak, egiturazko langabezia…
Zergatik diozue emakumezkoak 2. mailako subjektuak zaretela?
Irati. Aberastasuna ekoiztea xede duen gizarte honetan eta krisi testuinguru bete-betean, inoiz baino modu gordinagoan azaleratzen da klase gizartearen funtzionamendua, hots, ongizate unibertsalari gailentzen zaion kapitalaren akumulazioa. Egoera hau ez dugu emakume guztiok modu berean bizitzen, kapitalismoak subjektu debaluatuak behar dituelako irabazi ekonomikoak metatzen jarraitzeko. Emakume langileon kontrako esplotazio basatiaren kontura, enpresariek beraien poltsikoak betetzen dituzte, geure egoera zaurgarria betikotuz. Horren adibide da ahalik eta esku-lan merkeena izatea, soldata miserableak, ordaindu gabeko orduak, lan ordu gehigarriak, kaleratzeak…
Baina kapitalismoa egitura ekonomiko hutsa ez den heinean eta bizitzako esfera guztiak zeharkatzen dituen heinean, emakumezko langileok ez gaude soilik ekonomikoki azpiratuak; politikoki, kulturalki eta sozialki ere zapalduak gaude. Izaera hau etengabe erreproduzitzen eta normalizatzen da, besteak beste, industria kultural matxistaren, erasotzaileen zigorgabetasunaren edota erasotutako emakumeon baldintza material eta sozial ezaren bidez.
Jendartea horretaz jabetuta dago?
A. Indarkeria matxistari erreparatzen badiogu, esan genezake egungo errealitatera egokitu dela, forma berriak hartu dituela: ezkutuagokoak, isilpekoagoak. Plataforma digitalen zabalpen eta irisgarritasunaren eraginez, biolentzia aurpegi berriak sortu, areagotu eta normalizatu egin dira, aipagarria, gazte sektorean. Alegia, datuek diotenez, gazteen %80k indarkeria matxista jasan du plataforma digitalen bidez.
Bestetik, gizartean ideia erreakzionarioak zabaldu dira, instituzio, parlamentu, baita kale mailan ere. Geroz eta ohikoagoak bihurtu dira kolektibo zapalduen kontrako mezu misogino eta erasoak edota emakume langileon zapalkuntza asmakizun hutsa den ideia. Honek guztiak emakumeok bigarren mailako subjektu garela ukatzea ekarri du, hain zuzen ere, bost gaztetik batek indarkeria matxista ukatzen baitu (ukapena = normalizazioa).
Eta erakundeek?
I. Gaian esku hartzeko asmoz zenbait lege eta proposamen martxan jarri diren arren, egiturazko auzi baten aurrean gaudela jakinik, muga askorekin topo egitea begi bistakoa da. Gobernu politikak eta sistema legalak ez dute inondik inora helburutzat esplotazio eta zapalkuntzekin bukatzea, baizik eta klase harremanak dakartzan dominazio forma oro kudeatzea. Gestio hori, noski, ez dago gaitasun ekonomikoetatik salbu, eta beraz, politika horien finantzaketa da legeen norabidea zehaztuko duena. Hala, ikusi dugu instituzio eta alderdi profesionalek proposaturiko neurriek arazoari aterabidea emateko duten ezintasuna agerikoa dela eta ez dutela emakume langileon beharrizanei erantzuteko inolako gaitasunik. Are gehiago, emakumeok gara gizartetik baztertuak eta estigmatizatuak garenak: etxebizitzatik kanporatuak, babes neurriekin itota, kalean seinalatuak… Aipatzekoa da hiru gaztetik batek indarkeria matxista saihestezina dela pentsatzen duela.
Martxoaren 8an zer aldarrikatuko duzue?
A. Egoera honen aurrean, inoiz baino premiazkoagoa da emakume langileon interesak erdigunean jarriko dituen indar politiko independente baten hautua egitea. Emakume langileon zapalkuntzarekin amaitzeko oinarriak jarriko dituen gizarte sozialista eraiki behar dugu, eta norabide horretan mobilizatzeko eta kaleak hartzeko dei egin nahi dugu.