Atzean geratu da Binakako Txapelketako hasierako ligaxka luzea eta play-off erabakigarriak. Lau bikotek jokatuko dute Binakako finalerdietako ligaxka, ligaxkako lehen lau postuetan sailkatu ziren lau bikoak, hain zuzen ere: Jaka-Mariezkurrena, Etxeberria-Zabaleta, Altuna-Martija eta Artola-Imaz. Jotzaile handien eta aurrelari trebeen hiru jardunaldi ditugu aurretik.
Finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldia polemikarekin hasi da. Jakak eta Mariezkurrenak Artolaren eta Imazen kontra jokatuko dute larunbatean Labriten, eta lehendabizikoak kexu azaldu ziren materialarekin, pilotak "zozoak eta motelak" zirela adieraziz. Aldiz, Imazek "Labriten jokatzeko pilota egokiak" zirela azaldu zuen.
Ogetan, aldiz, ez zen materialaren inguruko kexurik izan. Peio Etxeberriak eta Zabaletak Altunaren eta Martijaren kontra jokatuko dute igandean, eta lau pilotariak gustura azaldu ziren. "Material ona da, txapelketa guztian izandakoa bezala" azaldu zuen Martijak. Finalerdietan sartzea "oso polita" izan dela nabarmendu zuen. "Ongi ari naiz eta horrela motibazio gehiagorekin ateratzen naiz kantxara". Finalerdietan lehen partida irabazten hasteak "garrantzi handia" duela nabarmendu zuen Etxeberriko atzelariak, eta tanteoa ere zaindu behar dela.
Partida gogorra espero da, atzelari handien arteko lehia, eta aurrelarien arteko erasoak. "Altuna eta Martija bikote oso sendoa dira, ez dute inoiz amore ematen" nabarmendu zuen Etxarrengo atzelariak. Ogeta gustuko du, bere frontoi kuttuna da, eta arazo fisikoak gainditu ditu. Altunak ere oinazerik ez duela nabarmendu zuen.
Aaron Arbizuren azkena
Jaialdi honetan, tamalez, Aaron Arbizuk bere azken partida jokatuko du Asperekin, enpresak ez baitio kontratua berrituko. Dariorekin bikotea osatuta, Bakaikoa eta Salaverri izango dituzte aurkari.