Telmo Lazkano

"Mugikorrekin harreman osasuntsua eraiki behar dugu"

Eneida Carreño eta Maider Betelu 2024ko mar. 6a, 14:00

Telmo Lazkano, 'No Phone Challenge' proiektuan parte hartu zuten bi ikaslerekin. BALEIKE

Telefono mugikorrekin eta sare sozialekin duten harremana sanoa izateko, nerabeek gaitasunak behar dituzte. Gaian aditua den Telmo Lazkano formazioa eskaintzen ari da Sakanan eta parte hartzera animatu du

Nerabeak eta telefono mugikorrak. Egun, etxe gehienetako eztabaida iturburu nagusia telefono mugikorren erabilera da. Zein da mugikor bat izateko adin egokiena? Egunean zenbat ordu utzi beharko genieke? Guraso-kontrolerako aplikazioak instalatu beharko genituzke? Nerabeek geroz eta osasun gaixotasun gehiago dituzte, harremana du horrek aplikazioekin? Gai honek kezka handia pizten du. Telmo Lazkano Muga irakasle, ikerlari eta adituak nerabeen eta pantailen gaia landuko du Altsasun eta Etxarri Aranatzen antolatutako formazio saioetan.


'NERABEEN GARRASIA'
Nerabeen garrasia. Osasun mentala aldaketa garaian liburua argitaratu duzu Maitane Ormazabal terapeuta eta coach-arekin elkarlanean (Alberdania). Gizarte zientzietako irakaslea zara, ezta?
Ofizioz goizetan hala jarduten dut, baina arratsaldetan ikerlari eta dibulgatzailea naiz, pantailen, mugikorren eta sare sozialen gaien inguruan. 

Nerabeen garrasia liburua Las voces del silencio izenburuarekin itzuli duzue gaztelerara. Bitxia. 
Gauza bera esateko bi modu ezberdin dira. Isiltasun horretatik hitz egiten ari den sufrimendua iradokitzen da gaztelerazko tituluan, isildutako ahots horiek garrasika daudela, eta euskarazkoan zehazten du zein ari den sufritzen, hau da, nerabeak.

Nerabeen osasun mentala duzue hizpide liburuan, eta nerabeek sare sozialekin duten lotura. Egoera praktikoak ere plazaratzen dituzue, eta erronka horiei nola aurre egin. Telefono mugikorren inguruan sortzen ari dena, osasuntsu izatetik oso urrun dago. Gainera, nerabeen artean inoiz izan ez diren buruko osasun arazoak dauzkagu. Gogorra da liburuan hau irakurtzea. 
Hamarkada batetik ona mugikorrarekin dugun harremana adikzio gisa definitu genezake lasai asko, baina, horrekin batera, azkeneko hamarkada honetan buruko gaixotasunek eztanda egin dutela ikusi dugu. Gorakada izugarria da, batez ere nerabeen artean. Bi errealitate hauek eskutik doaz, gustatuko litzaigukeen baino neurri handiagoan, eta liburuaren helburuetako bat da guzti horri argia jartzea. Ez da kasualitatea, eta liburuan xehe-xehe azaltzen dugu. 

"Sare sozialen eta aplikazioen eztandan nerabeak zaurgarrienak dira"

Liburuak bi zati ditu. Lehenengoa egoeraren analisia da, eta bigarrena praktikoagoa da; proposamen zehatzak eta nerabeen bizipenak jasotzen ditu.
Lehenengo zatiak gaiaren lanketa sendoa egiten du. Bestelako ikerketak irakurtzerakoan, askotan geratu gara galdera batekin: "eta orain, zer?" Ez genuen guri hori gertatzea nahi, eta bigarren zatia gehitu genuen galdera horri erantzuteko. Horrela, nerabeen eta pantailen inguruko erantzun eta tresna posibleen sorta bat planteatzen da, bai familia testuingurutik, eskola testuingurutik eta gizarte gisa aurrera eraman daitezkeenak. Liburua gure esperientzia eta jakintza pertsonal eta profesionaletik jaio den arren, ebidentzia zientifiko handia du atzean, eta publikazio zientifiko gisa onartua izan da. 200 ikerketa baino gehiago egin ditugu, eta profesional askorekin bildu gara: psikologoak, psikiatrak, irakasleak... Beraien esperientziarekin mamitu dugu liburua, eta tresna praktikoak jarri ditugu irakurlearendako eskuragarri. Baina, batez ere, nabarmenduko nuke nerabe askorekin elkartu garela, eta baita gaixotasun mentalak izan dituzten eta dituzten pertsonekin ere. Beraiek izan dira euren kabuz testigantzak idatzi dituztenak: hitza jarri diote horrelako ibilbide ilunetan zehar sentitu duten guztiari. Beraz, esango nuke liburuak nahiko modu holistikoan jasotzen duela nerabeen gaur egungo errealitatea. Bai ebidentziak esaten duena, hau da, profesionalen esperientzia eta tresna praktikoak, testuinguru ezberdinetan emaitza onak izan dituztenak, eta, batez ere, lehen eskuko testigantzak, nerabeen garrasi horiek.

Badirudi nahikoa informazio dugula, kontziente garela mugikorren erabilerak zer ondorio ekarri ditzakeen edo erabilerak zertara eraman gaitzakeen, baina argi dago zerbaitek huts egiten duela. 
Bai, hau maila askotan eta gai ezberdinetan gertatzen da, baita honetan ere. Askotan guztia egiten dugu gure nerabeendako, baina beraiei entzun gabe. Eta nik uste dut hor lana badagoela. 

"Azken hamarkadan gaixotasun mentalek eztanda egin dute, nerabeen artean bereziki"

Fenomeno honen garapena oso azkarra izan da; hamarkada bat daramagu telefono mugikorrekin buru belarri murgilduta gaudela. Gu, eta gure gorputza ere, ez goaz abiadura horretan.
Sarritan aipatzen dut badirudiela Paleolitoko emozioak, Erdi Aroko instituzioak eta jainkoen pareko teknologia ditugula. Hor amildegi handi bat sortu dugu, non gizarte gisa erortzen garen, baina baita gure nerabe asko eta asko. Horregatik diogu, kanpo egitura horretan gertatu den garapen horri guztiari heltzeko eta zubiak eraikitzeko, amildegi horretan eror ez gaitezen, barne garapen bat behar dugula. Adimen emozionalaren beharra inoiz baino handiagoa da, eta horri eutsi behar diogu. 

Nerabeek inoiz baino arazo mental gehiago dituztela, garrasi egiten dutela eta askotan ez diegula garrasi horiei erreparatzen jasotzen da liburuan. Garrasi egiten dutenean laguntza eskatzen ari dira, adikzio bat dutela konturatzen direlako?
Interpretazio hauek egiterakoan tentu handiz ibili beharra dugu. Izan ere, osasun mentalen hazkundearen atzean ez dago faktore bakar bat. Sare sozialen eztanda hau pieza garrantzitsu bat bezala ulertu behar dugu, baina ez da bakarra, puzzle oso konplexu baten zati oso garrantzitsu bat baizik. Liburuan bestelako piezak izan daitezkeenak mamitzen ditugu, burbuila emozionala eta abar. Nerabe askok ondorengoa helarazi digute: "gu baino helduagoak zaretenez, gure arazoak zuenak bezain larriak ez direla ikustarazten diguzue, baina 12 eta 18 urte bitarteko pertsona bati, zuendako txorrada bat dena, bizitza kosta dakioke. Gazteagoak izateagatik, gure sentimenduei zilegitasuna kentzen diezue. Entzunak eta ulertuak izan behar dugu, eta ez epaituak". Hori da nerabeek utzi diguten mezuetako bat, eta entzun beharrekoa da.

Zergatik jarri duzue arreta nerabeengan? Zaurgarritasun maila handiago dutelako, edo etorkizuneko gizartea beraiek eraikiko dutelako?
Finean, arreta batez ere helduengan eta gizartean jartzen da. Baina egia da nerabeak direla pantailen kontu honetan zaurgarrienak eta ondorio lazgarrienak pairatzen ari direnak. "Zer gertatzen ari zaie gure nerabeei horrela egoteko?" da egiten dugun galdera. Baina, agian, gizarteari galdetu beharko genioke. "Zer gertatzen zaio gizarteari bere txikiak, nerabeak, horrela egoteko?" Gizartea da gaixorik dagoena, eta sistematikoki ari da gure nerabeengan eragiten. Nerabeen garrasia-n kausa nagusienetako bat aipatu dugu, mugikorrak, pantailak eta sare sozialak, baina ez da kausa bakarra.


'NO PHONE CHALLENGE' 
Liburuan zuk zeuk Donostiako Usandizaga Peñaflorida Amara Instituko DBH 4. mailako ikasleekin martxan jarritako proiektua jasotzen da, No Phone Challenge. Ikasleak astebete egon ziren telefono mugikorrik gabe, eta ondorio garrantzitsuetara iritsi zineten. Proiektuak Eusko Jaurlaritzako Elkar Eginez saria jaso zuen, adikzioen arloan Euskadi 2022-2024 jardunbide onentzat hautatua izan ondoren. 
Proiektuak ikasleen artean telefono mugikorraren eta plataforma digitalen gehiegizko erabilera prebenitzea zuen helburu. Hiru zati zituen. Lehenengoa zen ikasleek gaiaren inguruko ezagutza sendo bat eraikitzea, eurek jakiteko honen guztiaren inguruan zer dagoen, eta eskuartean zer duten; finean, enpresa teknologiko hauek beren helburuak nola lortzen dituzten jabetzea. Bigarren zatian ikuspuntu kritiko bat garatu zuten. Ikuspuntu horri esker, mugikorrekin eta plataformekin harreman osasuntsu bat izatetik gertuago zeuden. Bazekiten benetan zer zuten eskuartean, eta nola eragiten zuen horrek gizartean eta norbanakoan. Hirugarren zatian, ikasgelan ikusten genuena euren bizitzan sartzea izan zen koska. Nola? Astebetez mugikorrak zuzendaritzan giltzapean utziz, eta eguneroko emozional bat idatziz. 

Zer jaso behar zuten egunerokoan?
Egunerokoan idatzi behar zuten nola bizi izan zuten astebete hori mugikorrik gabe, zein emozio eratu zituzten, adikzio sintomarik izan zuten, zeintzuk, eta nola aurre egin zioten horri guztiari. Ausartak izan ziren. Hor maila akademikoan argi eta garbi ditugun emaitzak agertu ziren. Ikasleek mugikorrekin, plataforma digitalekin eta sare sozialekin duten harremanaz hausnartu egin zuten, eta ondorioak atera zituzten. 

PORNOGRAFIA 
Mugikorrekin nerabeek pornografiara irisgarritasun handiagoa dute, eta familien eta adituen kezka handia da. Honek guztiak zein lotura hipotetiko izan dezake ikusten ari garen bortxaketen hazkundean?
Egun, 9 urtetara jaitsi da pornografiarekin lehenengo kontaktua; hori datu objektibo bat da. Eta kontaktu hori ez da intentzionala izan; hori nabarmentzekoa da. Industria pornografikoa izan da erabiltzaile hauek, haurrak, aurkitu dituena. Pornografiaren lehenengo kontaktuak haur eta gazteei agertutako banner eta pop up bitartez etorri izan dira. 9, 10 edo 11 urterekin haur batek oraindik ez ditu, inondik inora, balioak, autoestimua eta identitatea irmoki eraikita; eta iritzi kritikoa, are gutxiago. Beraz, halako edukiak kontsumitzerakoan bi efektu gertatzen dira askotan: batetik, normalizatu egiten dira bertan egoten diren jokabideak, eta, bestetik, askotan errepikatzeko dinamika bat gertatzen da. Ondorioz, bildu garen psikologo eta psikiatra gehienek alerta jarri dute horretan: hazkundean dauden bortxaketak azaltzeko orduan pornografiaren kontaktu oso goiztiar hau jartzen dute kausa nagusitzat, batez ere berdinen artean gertatzen direnak, hau da, nerabeen artean eta, gainera, taldean gertatzen direnak. 

"Nerabeek gaitasunak garatu behar dituzte, bestela aplikazioek bera kontrolatuko dute"


HARREMAN OSASUNTSUA
Mugikorraren erabilera egokia nola berma daiteke? Zenbat urterekin, zenbat ordu...? 
Teknologia honek erantzukizun guztia erabiltzailearengan uzten du. Hau ez da teknologia neutro bat, ez gara ari bizikletan nola ibili irakasten, ari garena da pertsona bat laguntzen, gaitasunak gara ditzan, zerbait oso adiktiboarekin harreman osasuntsu bat izateko. Gaitasun horiek ez baditu, ezingo du kontrolatu, eta aplikazio horiek bera kontrolatuko dute. Hori gertatzen bada, atentzio gaitasuna murrizten dela ikusiko dugu, buruko gaixotasunen hazkunde bat ematen dela, eta abar. Abiapuntua gaitasunak lortzea da. Horretarako, adin jakin bat behar dugu, eta, horrekin batera, hezkuntza integral edo formazio holistiko bat. Noski, ahal den neurrian legislazio koherente bat eta aplikazio seguruagoak beharko genituzke, mundu honetan denak ez duelako balio. Nerabeek industria honen atzean dagoen guztia ikasi behar dute, zergatik eskaintzen zaizkigun berez ikusgarriak diren aplikazioak dohainik, guztioi, uneoro. Nola liteke, zerbait dohainik eskainita, gaur egun enpresa teknologiko horiek munduko enpresa aberatsenen artean egotea? Gai horiek jorratuko ditugu Altsasuko eta Etxarri Aranazko saioetan.

Telefonoaren erabileraren adina atzeratzea eskatzen duten taldeak sortu dira. Taldean eragitea argi izpi bat izan daiteke? 
Guztiz. Taldearen indarra funtsezkoa da. Horregatik poztu nintzen Etxarrin hainbat talde bildu izana formazioa antolatu eta gai honi heltzeko. Egindako lanaren ondorioz, Ondarrun 12 urteko nerabeen artean %80k ez du mugikorrik. Halako dinamikak geroz eta ohikoagoak dira. Gipuzkoan 50 talde baino gehiago daude, eta martxoaren 14an bilduko gara Donostian, Gipuzkoa osoa saretzeko.

Nolakoak dira formazio saioak?
Lehenengo formazioan gaiaren inguruko ezagutza sendoa eraikiko dugu, eta bigarrenean praktikara eramango dugu. Sareetako arriskuen aurrean zein irtenbide ditugun, eta zein tresna landu ditzakegun aztertuko dugu, etxeko txikienek eta guk mugikorrarekin eta sare sozialekin harreman osasuntsu bat eraikitzeko. Zintzotasun osoz, lehenengo formazioan zaplazteko ederra jasotzen du jendeak. Ezezagutzan jardun dugu azken hamarkada honetan, eta orain datuak esku artean ditugula, errealitatea zein den ikusten dugu. Askok esaten didate formazioak barruak mugitzen dituela. Baina argi hori ikusteak asko laguntzen du, eta bigarren saioan gauzak aurrera eramaten hasiko gara. Erantzuna beti oso ona izaten da.

"Formazio saioan helduek zaplazteko ederra jasotzen dute, eta aurrera egiteko tresnak"


Telmo Lazkanoren formazio saioak Sakanan:
-Altsasun: “Mugikorren eta pantailen auzia komunikazioaren garaian: ongizate emozionala eta komunikazioa jokoan”. Martxoaren 1ean, 17:30etik 18:30era, eta martxoaren 9an, 11:30etik 12:30era, Txiokan. Antolatzailea: Iñigo Aritza ikastola.

-Etxarri Aranatzen: “Mugikorren auzia”. Familiendako hitzaldi-tailerra. Martxoaren 13an eta 21ean, 17:00etan, Etxarri Aranazko Kultur Etxean. Antolatzaileak: Andra Mari ikastola, San Donato eskola, Altsasuko Institutua, Etxarri Aranazko udala eta Etxarri Aranazko Gizarte Zerbitzuak.