Gutxi falta da jada martxoaren 14rako, euskararen aldeko lasterketa erraldoia Irundik abiatzeko datarako. Ondoren, lekukoa 10 egun eta 11 gauez ibiliko da eskuz esku, euskararen aldarria Euskal Herriko bazter guztietara zabaltzen, Baionara heldu arte martxoaren 24an. 23. Korrikaren aurkezpen soziala, Iruñean egin zen atzo, mugarria ospatu eta egitasmoari ongietorria emateko.
Bertan izan da Ane Elordi Alburquerque KORRIKA koordinatzailea, AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideek lagunduta. Elordik azaldu zuenez, edizio honek berariaz nahi duela euskal herritar oro "euskal komunitatearen, euskararen Herri Harroaren, parte sentiarazi, eta, aurrerantzean, bizitzako arlo guztietan, euskaraz bizi nahi duen komunitatearen partaide bilakatu; KORRIKA, euskara bera bezala, denona delako". Bestetik, Elordik aipatu zuenez, "euskarak aurrera egingo badu, herriaren erabakitasunagatik izango da; Korrikak aukera bikaina ematen digu herri-pultsua aktibatzeko, aldarri tinko bat egiteko, pauso gehiago eman daitezen, herri-gogoari erantzutearren".
Pantxika Lamur clowna izan zen aurkezlea, eta, publikoarekin elkarreraginean, komentatu zuenez, "23. Korrika mundu berri bat balitz, herri aldarrien mundua" izanen litzatekeela. Harekin batera Ainhoa Egizabal dantzaria eta Eñaut Zubizarreta, Trigger, txelo jolea ere aritu dira, beren arteaz Korrikaren aniztasunari azpimarra jartzen.