Komunikazio erronkari euskal hedabideek eta erakunde publikoek heldu behar diote

Guaixe 2024ko mar. 1a, 13:15

Hekimen elkartearen batzarrean parte hartu duten hedabideetako ordezkariak. UTZITAKOA

Hekimen elkarteak urteroko batzarretik ateratako ondorioetako bat da. Euskarazko hedabideen egoera aztertu du. Eraldaketa prozesuan aurrera egiteko konpromisoa hartzearekin batera, bertako erakunde publikoei ere dagozkien konpromisoak hartzeko eskatu diete: "Euskal Herriak bere izana du jokoan"

Herri ekimeneko euskarazko komunikabideen elkarteak, Hekimenek bere urteroko batzarra egin du. Bertako kide ere bada Guaixe Tokikom-en bidez. Elkartekideek gogoratu dute euskarazko hedabideak "baldintza zailetan" sortu zirela, batez ere "Euskal Herriaren hizkuntza, kultura, izana eta balore demokratikoak babestu eta indartzeko helburu nagusiarekin". Gaineratu dutenez, "oraingo teknologia, gizarte eta belaunaldi aldaketek birsortzera eramanen gaituzte. Izan ere, garai berrietara egokitu beharra dago eta horrek sortze garaian egindako ahaleginen parekoak eskatuko dizkigu".

Euskarazko hedabideek iraun dezaten, ezinbesteko jo dute haiek "eraginkorrak, kalitatezkoak, anitzak, modernoak, herritarrekin harreman estua dutenak, gure kulturan ongi errotuak, euskara ardatz dutenak, teknologikoki ongi garatuak, lantalde profesional formatuak dituztenak, berritzaileak, irudimentsuak eta egoki kudeatuak" izatea. Hekimeneko kide diren hedabideak norabide horretan ari direla nabarmendu dute. Hala ere, "administrazioaren laguntza beharko da prozesuak azkartzeko". Izan ere, "zoritxarrez, pandemiak eta gerrak tarteko, eraldaketa prozesua galgatzen duten zailtasun gehigarriak sortu dira". 

Hekimeko kideen iritziz, "aurrean dugun erronka hau ez da euskal hedabideena bakarrik, erakunde publikoei ere badagokie. Korporazio mediatiko handien eragin homogenizatzailearen aurrean, Euskal Herriak bere izana du jokoan eta ondorioz aurrean duguna herri mailako erronka da". Ildo beretik, gaineratu dutenez, "gure izana, kultura, hizkuntza eta balore demokratikoak dira arriskuan egongo direnak ez badugu berezko sare mediatiko anitza, ongi errotua eta euskalduna indartzea lortzen".

Konpromisoak 
Euskarazko hedabideetako ordezkariek aurrera egiteko lau konpromiso hartuko dituztela nabarmendu dute. Aurrena, "zailtasunak zailtasun, berrikuntzan ahalegin sakona egitea, sektorea bere osoan garatuz, atzean inor utzi gabe eta proiektu komunak sustatuz". Horrekin batera, “eraldaketa prozesua gure komunitatearekin eta administrazioekin batera egiteko konpromisoa" hartu dute. Horretarako "beti garden jokatuz, jarrera eraikitzaileak sustatuz eta Euskal Herriaren komunikazio, kultura eta soziolinguistika beharrak buruan ditugula".

Hirugarren konpromisoa da "berrikuntzaren bitartez eraldaketa prozesu osoa egitea, alor guztietan eraginez, kalitatean, kudeaketan, prestakuntzan, teknologia egokitzean eta hedapenean. Hori dena hainbat komunikabideren arteko sinergiak bilatuz". Azkenik, Hekimeneko kideek "eraldaketa sakona burutu ahal izateko beharrezko baliabideak eskuratzeko bideak irekitzeko" konpromisoa hartu dute. 

Aldi berean, elkartekideek "bertako erakunde publikoei dagozkien konpromisoak har ditzatela" eskatu diete. "Izan ere, administrazioen zeregin nagusietako bat Euskal Herriaren izana eraikitzen duten elementuak babestu eta garatzen laguntzea da. Gure kultura bere adierarik zabalenean, berezko hizkuntza, pentsamendua eta izateko modua babesteari eta zuzentzeari begirako politikak egitea".

Administrazioa 
Hekimeneko kideen ustez, "administrazioendako iritzi aniztasuna eta informazio eskubidea bermatzea oinarrizko zeregina da, demokraziaren oinarrizko zutabeak baitira". Gogorarazi dutenez, "komunikabide libreen sustapena baztertu ezinezko zeregina da Administrazioendako, bai eta monopolio informatiboei mugak ezartzea ere. Tokian tokiko proiektu mediatiko indartsuak eta eraginkorrak sustatzea ere bada Administrazioen zeregina". Horregatik azpimarratu dute "Euskal Herriaren eraikuntzan euskal hedabideek betetzen duten funtzioa zein garrantzitsua" dela. "Administrazioek badakite euskararen berreskurapen prozesuan hedabideek duten zeregina estrategikoa dela. Oro har, badakite demokraziaren sustapenean zein garrantzitsua den prentsa librea eta, horregatik guztiarengatik, ezinbestekoa da, eraldaketa prozesu honetan, bidea elkarrekin egitea".

Administrazioek dituzten ardurengatik, dozena erdi konpromiso hartu beharko lituzketela uste dute Hekimenen. Batetik, euskarazko komunikabideen sektorearendako ezinbestekoa den egonkortasuna bermatzeko konpromisoa, euskarazko ekosistema mediatikoak iraun dezan. Horretarako, digitalizazioak dakarren egokitzea burutzeko baliabide nahikoak eskainiz. Bestetik, kalitatezko kazetaritzak eskatzen dituen lantaldeak eta haien soldata duinak bermatzeko konpromisoa. Horrekin batera, egokitzeak eskatzen duen malgutasunaz jokatzeko konpromisoa, inongo kanpo faktorek eraldaketa prozesua zapuztu ez dezan. 

Aldi berean, eskatu dute administrazioek euskal komunikabideen sektorea hitzez eta ekintzez prestigiatzeko konpromisoa. Horrekin batera, euskarazko komunikabideen eraldaketan funtsezkoak izan daitezkeen aldaketa teknologikoetara egokitzeko bideak errazteko konpromisoa eskatu diete. Eta, azkenik, euskarazko komunikabideen egungo hutsune geografiko zein tematikoak betetzera etor daitezkeen egitasmo berriak sustatzeko konpromisoa. Jakinarazi dutenez, Hekimeneko kideek Eusko Jaurlaritzarako hauteskundeetan lehendakarigai izanen diren hautagaiekin elkartu eta batzarrean egindako hausnarketaren berri emanen diete. 

Hekimenen deontologia kodea
Urteko batzarrean Hekimenen Deontologia Kodea berretsi dute. Kode hori Hekimen elkarteak garatu du, Euskal Hedabideen Mahaian horrela adostuta. Mahai hori Hekimen Elkarteak, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru Aldundietako euskara zuzendaritzek osatzen dute). Kodearen helburu nagusia elkarteko bazkideei beren edukiak eta jarduna egoki garatzeko irizpide adostu batzuk eskaintzea da.

Elkarteko zenbait hedabidek lehenagotik ere bazituzten beren irizpide edota estilo liburuak, baina interesgarri ikusi zen denentzako baliagarria izango zen kode bat sortzea eta azkenean iritsi da hainbat hilabetetako lanaren emaitza. Lanbide horretan gidari eta laguntzaile izan dugu Irene Arrarats Berriaren Estilo liburuaren zuzendari eta koordinatzailea eta orain erronka nagusia, hedabide bakoitzak kodea bere barne prozesuetan txertatzea eta lantaldeetako kideei ezagutaraztea izango da. Zeregin horretan ere bazkideek elkartea bidelagun izango dute.