"Pertsona askoren artean" egindako lanaren emaitza dela aitortu du egileak, gaur goizean, Eibarren egindako prentsa agerraldian. Berrehunka pista zirriborratu eta milaka aldiz entzun eta gero, kantariaren esanetan, “pop-barroko" estiloko kantu batekin egingo dute korri, beraz, milaka eta milaka euskaltzalek datorren urteko martxoaren 14tik 24ra bitartean: "Letratik abiatu ginen kantu pop bat egiteko", azaldu du Arroitajauregik, "eta behin hezurdura eta melodia nagusia argi samar genituela hasi ginen konponketak proposatzen eta jolasten, askotariko ideiak botatzen eta eztabaidatzen, ados egon garen arte".
"23 ediziok eta 43 urtek askotarako ematen dute", Ane Elordi Albuquerque lasterketaren koordinatzaile nagusiaren esanetan. Horrela, memoria ariketa egin du Amaia Badiolak artxiboko irudiekin bideoklipa osatzeko: "Bideoklipa, batzuetan, nostalgikoa da, beste batzuetan, polita, eta "punkia" ere izan daiteke".
Sakandarrak
Bideoklipean jendea euskararen aldeko lasterkan parte hartzen ageri dira, propio grabatutako irudiekin batera. Garai bateko irudien artean sakandar bat ageri da: Mikel Aldasoro Jauregi. 2003ko Korrikaren akabera Iruñean izan zen eta azken kilometroan AEK urte hartan indarrez itxi zuten Euskaldunon Egunkaria omendu nahi izan zuen. Azken lekukoa Martxelo Otamendik eraman zuen. Haren aldamenean ageri da Aldasoro etxarriarra, orduan Nafarroako AEK-ko arduraduna zena.
Gainera, aurreko edizioan Korrikako furgoneta Urritzolako aldapan, elurretan, gelditu zenekoa ere ageri da. Hau da, sakandarrek nola bulkatu zuten ibilgailua, hark aurrera egin zezan. Une hori ere ageri da aipatu bideoklipean.