Pilota

Titanen arteko guduan, Etxeberria eta Zabaleta garaile

Maider Betelu Ganboa 2024ko mar. 4a, 10:45
Zabaleta eta Etxeberria, garaipena ospatzen. EITB

Partida izugarri gogorrean, hasieran Altuna eta Martija parez-pare ibili ziren, baina partidaren bigarren zatian aldea atera zuten Etxeberriak eta Zabaletak

Espero bezain lehiatua, gogorra eta ikusgarria izan zen Gasteizko Ogetan Etxeberria-Zabaletak eta Altuna-Martijak Binakako finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldian jokatutako partida. Lehen zatian bi bikoak nor baino nor lehiatu ziren amaigabea zirudien partidan. Berdinketak izan ziren bata bestearen atzetik. Tantoak gogorrak ziren, amaigabeak, eta lau pilotariak bikain aritu ziren. Martijak ongi erantzuten zion Zabaletari, eta Etxeberriak Altunari. Tantoak, oso borrokatuak ziren. Lehen tantoak 81 pilotakada izan zituen, eta markagailua Altuna-Martijaren alde 6-5ean zegoenean, 300 pilotakada pasa joak zituzten lau pilotariek. Hortxe datua. Ogetan bildutako 1.413 pilotazaleek goi mailako errezitaldiaz gozatzen ari ziren. 

Erritmo horretan noraino aguantatuko zuten, eta zein biko hautsiko zen lehen, hori zen jakin min nagusia. Peio Etxeberriak eta Zabaletak bederatzina berdindu zutenean, eta hortik aurrera apurtu zen partida. Urdinak aldea ateratzen hasi ziren Peio Etxeberriaren oldakortasunaren eta Zabaletaren sendotasunari esker. Pauso bat aurrera eman zuen Etxeberriak. Nekearen eraginez, Altuna defentsan akatsak egiten hasi zen, eta aldea ateratzen joan ziren Etxeberria eta Zabaleta, 14 eta 22 irabaziz. Lau pilotariek nekeak barratuta bukatu zuten, eta atseden handia beharko dute ligaxkako bigarren jardunaldiari ekiteko. 

Martxoaren 9an Labriten jokatutako beste partidan, Artolak eta Imazek 13 eta 22 irabazi zieten Artolari eta Imazi.

Hurrena
Iruñeko Labrit pilotalekuak lehen jardunaldiko irabazleen arteko partida hartuko du martxoaren 9an, larunbata. Artola-Imazek eta Etxeberria-Zabaletak asteartean egingo dute material aukeraketa, 11:00etan. Bestalde, galtzaileek, Jaka-Mariezkurrenak eta Altuna III.a-Martijak, martxoaren 10ean, igandea, jokatuko dute Bilbon. Materiala asteazkenean, 11:00etan aukeratuko dute.