Erregional mailako hogeigarren jardunaldia ederra izan da talde sakandarrendako.
Etxarri Aranatzek bide onean jarraitzen du eta 1-4 irabazi zion Baztan B taldeari martxoaren 2an, larunbata, Elizondon jokatutako partidan. Bi taldeek lehiakor ekin zioten partidari, baina 33. minutuan Joanes Mikeok Etxarriren markagailua mustu zuen eta etxarriarrak atsedenaldirako 0-3 aurreratu ziren Javier Fernande de Garaialde Lazkanok eta Mattin Altzelaik sartutako bi golekin. Bigarren zatian Baztanek gola sartu zuen, baina ez zuen gehiagorako tarterik izan eta 90. minutuan Mattin Altzelaik Etxarriren laugarrena sartuta, 1-4 despeditu zen partida.
Lagun Arteak Zizurren jokatu zuen, Zizur taldearen kontra. Partida oso lehiatua izan zen. Zizurkoak aurreratu ziren 15. minutuan, baina Andoni Razkinek banako berdinketa lortu zuen 8 minutu beranduago. Egoera errepikatu zen, Zizurrek bigarren gola sartu, baina atsedenaldia baino lehen Yonatan Davilak bina berdindu zuelako. Bigarren zatian joera berdinarekin jarraitu zuten bi taldeek. Atzera ere Zizur izan zen aurreratu zena, 3-2, baina Yonatan Monterok hiruna berdindu zuen, eta partida bukaerako txilibitua entzuteko zorian zeudela, Mikel Corderok Lagunen garaipenaren gola sartu zuen. 3-4 irabazita, pozik itzuli ziren lakuntzarrak.
Etxarri, bigarren
Sailkapenean Mutilbera B taldeak jarraitzen du lider (45 puntu), baina hirugarren postutik bigarrenera igo den Etxarri Aranatz 4 puntura du (41 puntu). Lagun Artea seigarren postura igo da (32 puntu). Etxarri Aranatzek sailkapenean hamaikagarren den Berriozar hartuko du martxoaren 9an, larunbata, 16:30ean San Donato zelaian. Lagun Arteari atseden jardunaldia dagokio.