Euskarazko D eredua Sakanan

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Orella Altzueta (Andra Mari ikastolako zuzendari pedagogikoa) 2024ko mar. 11a, 09:10

Urtarrilaren hondarrean GUAIXEn kezkaz irakurri genuen "D eredua %80an, ez aurrera ez atzera", nabarmenduta: "Euskarazko ereduak azken hiru urteetan matrikularen 2,3 puntu galdu ditu" eta artikuluaren hasiera: "Ibarrean gaztelania da hizkuntza hegemonikoa".

Kezkagarria da eragile desberdinak azkenaldi honetan partekatzen ari diren mezuak: euskararen erabilera geldirik edo atzeraldian dago gure inguruan, pantailen erabilera eragin negatiboa izaten ari da haur eta gazteen hizkuntza ohituretan, D ereduaren matrikulazioak ez du aurrera egiten ez Nafarroan ez eta Sakanan ere, etxeko transmisioa eteten ari da, gero eta ikasle gehiagok zailtasuna dute euskaraz zuzentasunez aritzeko…

Iaz Nafarroa Oinezen harira Sakanako Mankomunitatearekin batera, Andra Mari Ikastolan "Eman arnasa gureari" jardunaldia antolatu genuen euskararen arnasguneen bilakaera eta Nafarroako D ereduaren erronken inguruan hausnartzeko. Jardunaldiko adierazpenean euskararen ofizialtasuna eta bere normalizaziorako hizkuntza-politika ausartak eta integralak galdegiteaz gain, Nafarroan bizi diren IKASLE GUZTIEK euskarazko murgiltze ereduan ikasteko eta euskararen gutxieneko ezagutza bermatzeko dituzten eskubideak aldarrikatu genituen. Horretarako funtsezkoa da D ereduaren sustapen aktiboa eta babes instituzionala. 

Egoera hau iraultzeko, hezkuntzak bakarrik ezin du. Bistan da akordio sozial eta politiko zabala behar dugula Nafarroan euskara eta euskarazko irakaskuntzaren alde. Era berean, ezinbestekoa da D ereduaren inguruan gabiltzan eragile desberdinen arteko adostasun zabala, elkarlana eta aliantzak sustatzea. Interes korporatibistak alde batera utzita, herri ikuspegitik, indarrak batu beharra dago Nafarroan D ereduak %30eko langa gainditzeko eta askoz urrunago heltzeko; Sakanan jendarte kohesioa erraztuko duen murgiltze eredu inklusibo bakarra izateko, eta euskarazko irakaskuntzaren benetako oztopoak identifikatu eta gainditzeko konpromiso kolektiboa.

Ikastolok elkarlanerako prest gaude, bazatoz?