Gero eta gutxiago falta da Korrika Irundik abiatzeko. Euskararen aldeko ekimen erraldoia herritik, edo herritik hurbil, pasatzen denerako petoa eskuratu nahi dutenek dagoeneko horretarako aukera dute. Izan ere, sei euroan dago salgai, AEKren Itsasi euskaltegian, herrietako Korrika batzordeen salmahaitan edo Korrika.eus webguneko online-dendan. Horretaz aparte, Korrikako petoak honako establezimenduetan ere eskura daitezke: Etxarri Aranazko Kaxetan, Urdiaingo liburutegian, Altsasuko Arkatzen, Altsasu institutuan.
AEK-tik azpimarratu dutenez, "Korrika bukatutakoan, petoa berrerabili ahal duzu erosketa poltsa bihurtuta. AEK-k hainbat neurri hartu ditu KORRIKAren aztarna ekologikoa murrizteko; horietako bat da, azken edizioetan bezala, birziklapena eta berrerabilpena bultzatzea". Horregatik, AEK-ko kideek nahi dute "euskararen oihartzuna, hanka nekatuak eta oroitzapen gozoak izan bitez Korrikaren aztarna bakarra!"