Hondakin bilketarako kamioi berria

Guaixe 2024ko mar. 12a, 09:29

Sakanako Mankomunitateak eskuratutako azken ibilgailua. ARTXIBOA

Sakanako Mankomunitateak gai organikoak biltzeko erabiliko du. Ibarreko etxebizitza eta komertzioetan bereizitako organikoak gora egin du azken urteotan.

Sakanako Mankomunitateak Hondakin Zerbitzurako kamioi berria erosi du. Horretara 168.070 euro bideratu ditu. Mank-ek 117.650 euroko dirulaguntza izan du erosketa finantzatzeko, Nafarroako Gobernuaren Hondakin Funtsaren bidez jasoa. Kamioi berriak lehen errefusa jasotzeko erabiltzen zen ibilgailu zaharkitu bat ordezkatuko du. Mank-ek Hondakin Zerbitzurako kamioi bana erosi zuen 2019 eta 2021 urteen artean, azken horretan bigarren eskukoa. 2022ko akaberan, berriz, kamioi berri bat eta bigarren eskuko bat eskuratzeko deialdia egin zuen. Azken hori joan zen urtean jaso zuen. Baina kamioi berria orain jaso du Mank-k, enpresen emate epeak luzeak direnez. Atzerapen handiarekin jasoko du ibarreko erakundeak 2023ko deialdiarekin eskuratzeko bi ibilgailuak ere.  

Kamioiaz aparte, Mank-ek 374 edukiontzi berri erosi ditu. Haietatik 108 edukiontzi horiak dira, ontzi arinak jasotzeko. Eta gainontzeko 108ak urdinak, papera eta kartoia jasotzeko. Horiek guztiek 1.000 litroko edukiera dute. Irurtzunen eta Altsasun jarriko dituzte,  zaharkitutakoak edota hautsitakoak ordezkatzeko. Erosi dituen beste 158 edukiontziak, berriz, 240 litroko  edukiera dute, 79na urdin eta hori dira, eta atez ateko bilketa zerbitzua duten herrietako establezimendu  eta enpresetan erabiltzeko dira. 374 edukiontziengatik Mank-ek 51.523,74 euro ordaindu ditu, eta horretarako Hondakin Funtsaren 36.067 euroko dirulaguntza jaso du. 

Alderaketa

Sakanan bereizita jasotzen diren hondakinen kopurua handiagoa izan zen 2023an 2013an baino:

  • Organikoa  %315 gehiago.
  • Ontzi arinak %74 gehiago.
  • Papera eta kartoia %9 gehiago.