Lagunarteko hizkeran trebatzen

Guaixe 2024ko mar. 14a, 09:00
Lagunarteko hizkera ikastaroa Iñigo Aritza ikastolan. MANK

Gazteek euskarazko lagunarteko hizkera landu dute dinamika eta jolasen bidez eta hizkuntzarekin jolasteko aukera izan dute.

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak eskainitako Lagunarteko hizkerarekin jolasean lantegia bere egin dute ibarreko lau ikastetxek. Guztira, zortzi ikasgelatako 155 ikaslek parte hartu dute saioetan, zehazki: Irurtzungo Atakondo eskolako DBH 2. mailakoak, Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako DBHko 4. mailakoak, Altsasuko Iñigo Aritza ikastolako DBHko 3. mailakoak eta Altsasuko BHI institutuko batxilergoko 1. mailakoak. Talde bakoitzak kultur elkarteko hezitzaileak dinamizatutako bi orduko saio bana izan du abendu eta otsail artean. 


Altsasu institutuko ikasleak ikastaroan. MANK

Saio horien bidez gazteei esamoldeak eman nahi izan zaizkie adarra jotzerakoan, ligatzean, maitasuna adierazterakoan erabiltzeko. Edo hitz gordinak esateko. Aldi berean, erakutsi diete hizkuntzarekin jolastu eta ondo pasa dezaketela. Izan ere, euskara kolokiala erabiliz gustura senti daitezkeela erakutsi diete gazteei. Gainera, gazteak egoera informaletan euskarazko lagunarteko hizkera erabiltzera animatu dituzte. Euskarazko lagunarteko hizkera lantzeko dinamika eta jolasak  baliatu zituzten hezitzaileek, hala gazteei hizkuntzarekin jolasteko aukera emanez. Euskara Zerbitzuak jakinarazi duenez, ikasleek balorazio ona egin dute.