UEMAk gazteendako udalekuak antolatu ditu

Guaixe 2024ko mar. 12a, 09:00
Gazte talde bat UEMAren Salto! udalekuan. UTZITAKOA

Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta saretzea da udalekuen helburua. Izena emateko epea hilabete akabera arte egonen da zabalik.

Gazteendako Salto! udalekuak antolatu ditu aurten ere Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, UEMAk. Bertako kide dira Arruazu, Arbizu eta Etxarri Aranatz. Udaleku ibiltariak izanen dira, Arantza eta Elizondo artean, Doneztebe eta Oronoz-Mugairitik pasata; herri batetik bestera oinez mugituko dira gazteak eta herri bakoitzean bi gau pasako dituzte. Bi txanda izanen dira: garagarrilaren 24tik garilaren 2ra eta garilaren 4tik 12ra. Txanda bakoitzean 60 gaztek parte har dezakete, betiere 2006 eta 2009 urteen artean jaio badira. 150 euro balio ditu matrikulak. Izena emateko epea hilaren 31n despedituko da. Horretarako lau bide daude: uema.eus webgunea, 943 816 699 telefono zenbakia, administrazioa@uema.eus e-posta helbidea eta 608 668 155 telefono zenbakira Whatsapp edo Telegram mezua bidalita. 

Arrazoia 
Udaleku horiek antolatuta, UEMAk "euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea" du helburu. Gainera, "aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatzea eta saretzea" lortu nahi du.

Gazteendako aisialdi eskaintza UEMAren lan ildo nagusietako baten barruan dago: euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak antolatzea. Horren baitan, euskararen arnasguneei eta udalerri euskaldunei buruzko Hedatu hezkuntza proiektua abian du, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, LHko, DBHko eta Batxilergoko ikasle, irakasle eta gurasoekin. Udalerri euskaldunak eta arnasguneak giltzarriak direla nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz aparte.