Ibarreko mugimendu feministarendako gaurkoa "borroka eta salaketa eguna da. Emakume* langileok bizi dugun egoeraren inguruko analisia egin eta urgentziaz hartu beharreko neurriak exijitzekoa, kaleetan, eragileetan, etxeetan, lan esparruetan, harremanetan… bizitzako esparru guztietan eragitekoa". Mugimendu feministako kideek esan dutenez, "kalera ateratzeko arrazoi ugari" dituzte. "Gure lan indarra esplotatzen duen sistema heteropatriarkal kapitalista bati egin behar diogu aurre, bai etxean, bai enpleguan, baita dohainik eta aitortu gabe egiten ditugun zaintza lanetan ere. Horrek zuzenean prekarietatera eta etengabeko zapalkuntza egoeran bizitzera kondenatzen gaitu".
Nabarmendu dutenez, "emakume* langileok bizi dugun soldata arrakala (Hego Euskal Herrian urtean gizonezkoek baino 7.000 euro gutxiago 2020an) eta pentsio baxuenak jasotzea lanaren banaketa sexuala betikotzen duen sistemaren izebergaren punta baino ez dira". Mugimendutik nabarmendu dutenez, "feminizatutako lanetan harrapatuta gaude, lan baldintza prekarioekin, eta inolako errekonozimendurik eta aitortzarik gabeko zaintza lanak egiten ditugu".
Zaintza
Azaroaren 30ean greba feminista orokorra egin zen zaintza eskubide kolektiboaren alde eta zaintza sistema publiko eta komunitarioa exijitzeko. Haren ondoren iritsi da Martxoaren 8a. "Ozen oihukatu genuen etxeko langileen, egoitzetako langileen, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren eta abarren egoera salatzeko. Eta ozen oihukatzen jarraitzen dugu emakumeon gain dauden lan profesionalizatuen, ordaindu gabekoen eta zaintza lanen berrantolaketa aldarrikatzeko".
Mugimendu feministak gaztigatu duenez, "egungo zaintza sistema guztiz pribatizatuta egoteaz aparte, guztiz familiarista da. Hau da, familietan eta, beraz, emakumeengan erortzen da lan hori. Batez ere, emakume migratzaileengan, XXI. mendeko esplotazio egoera lazgarrienetakoa bizi dutenengan. Horietako askok etxeko langile egoiliar gisa 24 orduz, asteko zazpi egunetan lanean dihardute". Mugimendu feministako kideendako "hori onartezina da!"
Gaztigatu dutenez, "zaintza sistema esplotazioan oinarritzen da eta batzuek saltzen dizkiguten hitz politek ez digute ezertarako balio". Zaintzaren aldeko itun batek izan beharko lituzkeen edukietako batzuk zerrendatu dituzte: zaintza zerbitzuen publifikazioaren aldekoa eta pribatizazioaren kontrakoa izatea, Atzerritartasun Legea deuseztatzea, aurrekontu egokiarekin, plangintza zehatzekin. Hego Euskal Herrian halakorik ez dagoela nabarmendu dute. Zaintzatik eta bizitzako oinarrizko beste esparruetatik (elikadura, etxebizitza, osasuna…) "logika merkantilista" ateratzea aldarrikatu dute: "aski da, gure bizitzekin negoziorik ez!"
Palestina
Feministek "Palestinako herria jasaten ari den genozidio eta sarraskia" salatu dituzte. "Badakigu emakumeen gorputzak direla lehen konkista lurraldeak", horregatik, Palestinako herriari elkartasuna adierazi diete. Migrazio prozesua egin eta Atzerritartasun Legearen ondorioz "hainbat indarkeriaren aurrean erabateko zaurgarritasun egoeran gelditzen diren" emakumezkoak ere gogoan izan dituzte. Izan ere, lanean indarkeria pairatzeaz aparte, inguruan indarkeria matxista bizi dute, baita arrazakeria ere.
Azkenik, mugimendu feministak Martxoaren 8an gogoan ditu "indarkeria matxistaren ondorioz eraildako, bortxatutako, jazarritako eta etxetik kanporatutako emakume* eta neskato guztiak. Emakumeen* kontrako indarkeria sistemikoak genero eta botere desberdintasunak betikotzen ditu egitura sozial, politiko eta ekonomikoen bidez". Nabarmendu dutenez, "egun, emakumeok* oraindik ere askotariko indarkeriak jasaten ditugu egunerokotasunean; fisikoa, ekonomikoa, sinbolikoa, instituzionala…". Horregatik, horri guztiari "aurre egiteko, kultura eta erakunde aldaketa sakonak behar ditugu. Aski da, justizia feminista orain!" aldarrikatu dute. Eta mugimendu feministak antolatzen dituen mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.