Mendi lasterketak

Triku Trail eta Lakuntza-Aralar, korrikalarien zain

Guaixe 2024ko mar. 12a, 10:30
Maria Risco eta Fran Araña. JESUS BARADO

Etxarri Aranazko probako izena ematea martxoaren 8an ireki zen, eta Lakuntzako probarena martxoaren 13an zabalduko da

Mendi lasterketen egutegia zabalik dago. Martxoaren 3an ia 400 mendi korrikalarik parte hartu zuten Galar Trailean. Imanol Kañamares (1:47:28) eta Maddalen Jimenez (2:16:57) izan ziren txapeldun handiak, eta hamar korrikalari sakandarrek lortu zuten proba despeditzea. Iñigo Mitxelena, 58. postuan (2:20:00) eta Erkuden San Martin, 340. postuan (3:18:39) buru zirela. 

Hamaika lasterketa daude, eta denboraldia planifikatu beharra dute korrikalariek. Martxoaren 8an Etxarri Aranazko Triku Trail lasterketako izena ematea zabalduko zen (Kronoak). Ekainaren 30ean jokatuko da, eta aurten bi distantzia izango ditu: ohikoa, 21 km, eta laburra, 10 km-koa. Euskal Herriko Mendi Lasterketan Koparako baliagarria izango da. 

Asteazkenean, martxoaren 13an, Lakuntza-Aralar mendi lasterketako izena ematea zabalduko da, 17:00etan (lakuntza-aralar.com). Nafarroako Mendi Lasterketen Rankingerako baliagarria izateaz gain, Kluben Arteko Nafarroako Txapelketa izango da. Bi distantziatan jokatuko da: 26 km, eta 13 km. 

Bi lasterketek etiketa berdea dute, hau da, ingurumena zaintzen dutela eta proba etikoa dela ziurtatzen duen konpromisoa.