Xabier Artiedak eta Eva Azpilikuetak antzezlanak aurkeztu dituzte Xixongo Jaialdian
Xixon Asturiasko hiriburuan egiten dute urtero FETEN nazioarteko haurrendako arte eszenikoen jaialdia. Aurten topaketa otsailaren 25etik martxoaren 1era izan da, eta bi antzezle sakandarrek parte hartu dute: Xabier Artieda etxarriarrak Teatro Paraiso konpainia gasteiztarraren Kutxartean (Entrecajas, gaztelaniaz) lanarekin, eta Eva Azpilikueta altsasuarrak Yarleku Teatro konpainiaren 104. haurra (La niña 104, gaztelaniaz) antzezlanarekin. Artiedaren lanak jaialdiaren Clown ikuskizun hoberenaren saria irabazi zuen.
70 antzerki konpainia eta 1.000 profesional baino gehiagok bat egiten dute jaialdian, eta aktoreendako "erakusleiho eder bat" dela aipatu zuten Yarleku konpainiako kideek: "Gure lana erakusteko aukera ematen baitigu". Haien obrak Nafarroatik ateratzeko "ate bat" dela gaineratu zuten.
Clown ikuskizuna
2023. urtearen amaieran estreinatu zuen Teatro Paraiso konpainiak Kutxartean antzezlana Gasteizen. Xabier Artieda etxarriarra, Aritz Bengoa eta Xabier Flamarique dira antzezleak, Rosa Garcia egilea eta Tomas Fernandez zuzendaria. 2024ko Feten jaialdiko Clown onenaren saria irabazi du.
Antzezlanak clown lengoaia erabiltzen du publikoarekin elkarrizketan jarduteko, eta sormenaren motorrean jokoa eta sorpresa daude. Istorioa espazio atenporal eta poetiko batean gertatzen da, zirku ukituekin, eta eszenatokian dauden harresiek eta kutxek unibertso propioa sortzen dute. Familiei bideratutako lana da, "irudimenaren apologia" egiten duen "jokoaren errekurtsoen garapenean" sinisten duena, sortzaileen esanetan.
Aurkezpena
Feten jaialdian ere Yarleku konpainiak 104. haurra antzezlanaren aurkezpena egin zuen. Eva Azpilikueta altsasuarra aktorea da, Laura Villanuevarekin batera. Haurren esplotazioaren auzia jorratu dute lan berriaren bidez. "Gizarte gaiak jorratu ohi ditugu, uste baitugu antzerkia ez dela bakarrik ikusentzuleak entretenitzeko", aktore altsasuarrak aipatu duenez. Umezurztegi batean nork adoptatu zain dauden bi neskato dira protagonistak: Itsaso eta Eki. Bien arteko adiskidetasuna jartzen du erdigunean obrak.
Laugarrenez aritu zen Yarleku Xixongo jaialdian, eta 104. haurra-rekin batera Estefania de Paz Asinen Olvido Flores obra ere eraman zuen Fetenera. 2019an, Azpilikuetak emakume aktore onenaren saria jaso zuen.