23. Korrika, Harro Herri lelopean, Irundik martxoaren 14an eguerdian abiatuko da, hamar egunez Euskal Herria zeharkatzeko. Korrikaren hasiera dela eta, Irungo herritarrek egun osoko jaia prestatu dute Korrikari hasiera emateko. Egitaraua 11:00ak aldera hasiko da eta gauera arte luzatuko da; bi txozna ere izanen dira. Errelebo lasterketa hasi aurretik, 15:30 aldera, 23. Korrikaren hasiera ekitaldia izanen da, San Juan plazan instalatuko den oholtzan. Bertan, AEKren hainbat eledunek hasiera emanen diote lasterketa erraldoiari, Maddi Sanz harpa-joleak eta Koldo eta Xabi Sorzabalbere txalapartariak lagundurik.
Behin mezua lekuko barruan sartuta, 16:00etan abiatuko da Korrika. Lehen kilometroa Bidasoko AEK euskaltegiko hamaika irakaslek egingo dute. Euskaltegiko zuzendari Beñat Alzagaren esanetan, "lehen kilometro horrek islatuko du, alde batetik, euskaraz bizitzeko kemena; bestetik, Korrikak hauspo izan nahi duela Irunen euskalduntze-lanak tinko aurrera egiteko". Korrika hasi aurreko giroa eta hasiera zuzenean jarraitzeko aukera izanen da 14:00etatik aurrera, guaixe.eus webgunearen eta Beleixe Irratiaren bidez.
Gune segurua
AEK-k gaztigatu duenez, "Korrikan ez da inolako jazarpenik onartzen: ez matxistak, ez sexistak, ez homofoboak, ez arrazistak... ezta inor edonola gutxiesterik ere". Erasoak salatzeko (+34) 747 408 469 telefono zenbakira hots egiteko aukera izanen da.
Aparkalekuari dagokionez, Ficobako aparkaekuan doan aparkatzeko aukera izanen da; 08;00etatik 22:00etara ibilgailua sar liteke, eta gau osoan zehar atera.
23. Korrikaren hasieraren egitaraua
San Joan plazan
Gazte Korrika
12:30 Kale animazioa.
15:30 Korrika ekitaldi nagusia.
16:00 Korrika hasiera.
Urdanibia plazan (Mosku)
Egun osoan artisau azoka.
17:30 Burrunba elektrotxaranga.
19:30 Esne Beltza.
21:30 Bad Sound eta Lagunak.