Martxoaren 9an mustu zuen Sakanako Haize Berriak bandak Mainamikirri ipuin musikatua, Altsasuko Iortia kultur gunean. Bigarren emanaldia Irurtzungo frontoian egin zuten, hurrengo egunean. Ipuin musikal bat egiteko ideia, "orain dela asko" sortu zela esan du Olatz Garde bandako kideak, "baina Mainamikirriren inguruan zerbait egitearen erabakia 2022an hartu genuen". 2023an zehar proiektuari forma eman zioten, eta "azkenean" aurten gauzatu dute. "Beti saiatu gara erronka berriak proposatzen eta berritzen, eta Sakanan sortutako ipuin musikalaren ideia horren ildoan zihoala iruditu zitzaigun". Bandaren helburuen artean Sakanako kultura propioa sustatzea da, "eta Mainamikirri pertsonaia oso interesagarria iruditu zitzaigun".
Herri ipuina
Banda Castillo Suarez idazle altsasuarrarekin harremanetan jarri zen, "hasieran ipuin bat enkargatzea zen gure asmoa,gero hari musika jartzeko". Baina zenbait elkarrizketen ondoren, Mainamikirrirekin zerbait egiteko aukera aipatu zuen Suarezek, "eta oso ideia ona iruditu zitzaigun". Mainamikirri Altsasuko herri ipuin bat da. "Herriko bandakide gehienek ezagutzen zuten, baina gainontzeko herrietakoek istorioa ezagutzeko modu berezia izan da proiektu hau". Dohain bereziak zituen emakume gazte bat zen Mainamikirri, lekuetara beti berandu iristen zena.
Hurrengo urratsa ipuina musikalizatzea zen, eta Margarita Lorenzo Reizabal Musikeneko Konposizio eta Zuzendaritza irakasleari obra enkargatzeko konpositoreak iradoki ziezaien eskatu zioten: "Anne Perez de Azpeitia Hamilton konpositorea aipatu zigun". Konpositoreari proiektuaz hitz egin zioten, eta "berehala" baietz esan zuen. Musika konposatzen hasteko konpositoreari ipuina bidali zioten, baina informaziorik garrantzitsuena gidoia izan dela esan dute bandatik. "David Sanchez Andion gure zuzendaria izan da ideiak eta beharrak komunikatzen joan zaizkiona, eta egia esan oso eraginkorra izan da beraien arteko komunikazioa".
"Bururatu zitzaigun polita izango litzatekeela proiektuari dramaturgia gehitzea. Tarima Beltza antzerki taldearekin eta Jon Barbarin zuzendariarekin elkarlanean aritzea pentsatu genuen, baina azkenean Eva Azpilikueta Martinezi proposatu genion". Altsasuko aktorea izanda, berarekin lan egitea "oso egokia" iruditu zitzaien: "Izugarrizko esperientzia eta profesionaltasun maila altua dauka, eta bagenekien energia eta presentzia handiko pertsona dela. Proiektua osatzeko behar genituen osagai guztiak". Azpilikuetak izugarrizko lana egin duela goraipatu du Gardek, "ez da batere erraza arlo eta maila desberdinetan dabilen jendea koordinatzea, are gutxiago hain denbora gutxian". Muntaia egiteko pare bat hilabete izan dute.
Azpilikuetak Dantzarimarekin kolaboratzea iradoki zien, "eta pastelaren ginga izango zela iruditu zitzaigun". Dantza konpainiak egindako lana ere aipatzekoa dela esan dute bandatik: "Irantzu Gonzalezen koreografia diseinuaz gain, eta taldekideen kasuan dantzatzeaz gain, aktore gisa ere ibili dira, eta oso ondo egin dute, gainera". Bandako kideak ere izan ziren aktore.
Kantak bi taldetan banatu daitezkeela azaldu dute: "Alde batetik, pertsonaiak aurkezten dituztenak eta, bestetik, gertaerak kontatzen dituztenak. Esaterako, Mainamikirrik, Kuxkuxeroak eta Erreginak haien motibo musikalak dauzkate, haien izaera eta egoera islatzen dutenak. Bestetik, zaldia lauhazka, herriko jendea berrien zain, garbitzaileak errekara joaten, epaiketa eta abar". Perez de Azpeitiak sortutako musikarekin "oso pozik" daudela esan du Gardek: "Istorioak kontatzeko eta sentimenduak adierazteko musikak daukan gaitasunaren primerako adibidea izan da".
Prozesu osoaren emaitza "oso polita eta magikoa" zela esan du Gardek, "baina ez genuen espero Altsasun 300 sarrerak hain azkar agortzea". Irurtzungo emanaldia frontoian izan zenez, antolakuntzak 200 pertsonendako tokia mugatu zuen, "ikuskizuna denek ongi ikusteko", eta han ere ia bete zen. Jende askok aipatu du ezin izan zela joan eta ea berriz eginen duten, "eta egia esan gustatuko litzaiguke beste emanaldi bat eskaintzea".
"Espektatibak altuak ziren, gauzak ondo egin nahi genituen, eta argi daukagu bete direla". Sentsazioa "erabat" positiboa izan dela esan du Gardek: "Haize Berriak bandako musikarien artean izugarrizko ilusioa piztu du proiektu honek, errepikatzeko gogoekin gelditu gara, eta hori ez da beti gertatzen...".
Emakume sortzaileak
"Anne, Eva, Castillo, Dantzarima... Denak emakumeak, sortzaileak eta artistak"
"Anne, Eva, Dantzarima, Castillo... denak emakumeak, sortzaileak eta artistak". Bandan ere geroz eta emakume gehiago direla goraipatu du Gardek, "ia %50; eta hori lorpena da, kontuan hartuta emakumeak musika bandan sartzeko aukera oso berria dela".