Txirrindularitza

Mundiala izango da

Maider Betelu Ganboa 2024ko mar. 20a, 12:30

Amarika, Nieve, Mintegi, Guajardo, Flores, Hernandez, Azanza eta Guerrero Itzulia Sakanan egotearen garrantziaz aritu ziren.

Itzuliak Sakanan izango dituen bi etapak aurkeztu dituzte. Apirilaren 3an Altsasun despedituko den etapa "ikusgarria" izango da, sei porturekin, eta apirilaren 4an Itzulia Etxarri Aranaztik abiatuko da, munduko izarrak gertutik ikusi ahal izateko

Hamalau egun barru munduko txirrindulari onenak Sakanan egongo dira. Izan ere, Itzulia Basque Countryko bi etapa Sakanan jokatuko dira: apirilaren 3an Ezpeleta-Altsasu etapa, (190,9 km), eta apirilaren 4an Etxarri Aranatz-Legutio (159 km). Juan Mari Guajardo altsasuarrak eta Iker Amarikak Iortia kultur gunean gidatutako aurkezpen ekitaldian, Itzulia antolatzen duen Oceta elkarteko Julian Eraso presidenteak nabarmendu zuen Itzulia ez dela soilik kirol ekitaldi bat, "askoz ere harago doa, marabilla hutsa da". 

2023ko irabazle Vingegaard eta Roglic buru direla, Evenepoel, Yates, Landa, Carapaz, Quintana, Aranburu, Izagirre anaiak eta beste lehiatuko dira, zerrenda luzea. Taldeen azkeneko erabakien esperoan, soilik Pogacar faltako litzateke izarren klubean. Sakandarren artean, momentuz, Igor Arrieta eta Gorka Izagirre.

Makineria ikusgarria
Zenbakiak erraldoiak dira. 24 talde lehiatuko dira; bakoitzak bost auto ditu, gehi taldeko kamioia, eta horri antolakuntzako motorrak, autoak, helikopteroa eta bestelako azpiegitura guztiak gehitu behar zaizkio. 80 hotel behar izaten dira. Eurosporten bidez munduko 165 herrialdeetan zuzenean jarraituko da Itzulia, eta seinalea 18 milioi etxeetan jarraituko dela aurreikusten da. "Itzuliak 1.400.000 euroko aurrekontua du, eta Itzuliaren borobil hori osatzea ez da erraza izaten. Horregatik, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu Altsasuko eta Etxarri Aranazko Udalei, Nafarroako Gobernuari eta etapak babesteko ahalegina egin duten Sakanako eta inguruko enpresei. Aspaldi nahi genuen Itzulia berriro Sakanara heltzea, txirrindularitzarako sekulako zaletasuna dagoelako, eta bertako klubetatik txirrindulari profesional eta zuzendari handiak atera direlako. Eta Sakana txoko zoragarria delako. Aurten lortu dugu, eta oso pozik gaude" eskertu zuen Erasok. Itzuliak aurten mendeurrena ospatzen du. "Berezia izango da. Euskal Herriko lurralde guztietatik pasako da". 

Julian Eraso: "Itzulia kiroletik harago doa, ekitaldi ikaragarria da. Sakana beteko da"

Altsasun laugarrenez, eta Etxarrin bigarrenez
Altsasura laugarrenez iritsiko da Itzulia. 1977ko etapa Jose Antonio Gomez Linaresek irabazi zuen, 2002koa Aitor Osak, eta 2005ekoa Alejandro Valverdek. "Itzulia kirol ekitaldi bat baino gehiago dela argi genuen, eta antolakuntza harremanetan jarri zenean, horregatik egin genuen ekartzeko apustua, Itzulia Altsasuren leiho paregabea izango delako" adierazi zuen Javier Ollo alkateak. Babesleekin harremanean jartzeaz gain, Altsasuko Udalak Etxarri Aranazko Udalarengana jo zuen, ekimena partekatze aldera. Horrela, Etxarri Aranatzek bigarrenez hartuko du Itzulia. 1996an Etxarrin despeditu zen etapa Simone Biascik irabazi zuen, eta hurrengo egunekoa Lakuntzatik abiatu zen. "Guretako ohore handia da Itzuliko etapa hasiera hartzea. Hunkitu eta guzti egin ginen. Erronka handia da, baina polita izango da munduko txirrindulari onenak gertutik ikustea. Sakana guztian festa handia izango da" azaldu zuen Maria Saez de Albeniz alkateak. Ekitaldian, Javier Ollok eta Maria Saez de Albenizek Itzulia antolatzen duen Oceta elkarteko residente Julian Erasorekin Itzuliko bi etapak hartzeko hitzarmena sinatu zuten.

Guajardok Altsasuko Burunda klubetik sortutako txirrindulariak izan zituen gogoan, Jorge Azanza, Pablo Urtasun eta Iker Mintegi, eta Aralar Klubetik sortutakoak, Gorka Verdugo, Egoi Martinez, Jose Luis Arrieta, Josu Etxeberria eta Igor Arrieta. "Betiko arerioak, baina harreman onarekin. Ziur Itzulian aitortza jasoko dutela".

Etapa ikusgarriak
Altsasun despedituko dena Itzuliko etapa luzeena izango da. Sei portu izango ditu: Otsondo, Usategieta, Uitzi, Zuarrarrate, Olaberria eta Lizarrusti. Zuarrarratetik Altsasuraino iritsiko da, herrian sartu, Otzaurtetik Zegamara heldu, eta Olaberriatik eta Lizarrustitik Etxarrira helduko da, Altsasuko helmugan despeditzeko. "Etapa ikusgarria izango da. Txirrindulari onenak daudenez eta gaur egun ibiltzen den abiadura kontuan hartuta, banago 50 txirrindulariz osatutako taldea iritsiko dela batera helmugara" zioen Guajardok. Etxarri Aranaztik abiatuko den etapak txirrindulariak, taldeak, eta Itzuliko makineria guztia beste lasaitasun batez gertutik ikusteko aukera eskainiko du. “Ez da Altsasukoa bezain mugitua izango, baina txirrindulariak ikusi, agurtu, sinadurak eskatu eta Itzuliko mugimendu guztia lasaitasunez ikusteko aukera eskainiko du” azaldu zuen Maria Saez de Albenizek. Mikel Nievek (Kern Pharmako zuzendaria), Iker Mintegik (Euskaltel Euskadiko txirrindularia), Iker Flores Euskalteleko txirrindulari ohiak, Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko manager Juanma Hernandezek, Euskaltel Euskadiko zuzendari Jorge Azanzak eta Israel Premier Tech taldeko zuzendari Oscar Guerrerok Itzulia Sakanan jokatzeko garrantzia aipatu zuten. "Itzulia gure lasterketa da, etxekoa, eta sekulakoa, gainera. Hiru handiak kenduta, egutegiko garrantzitsuena”. 

Babesleei esker beroak
Sakanako etapen babesle nagusiak Unamuno pentsuak, Adania, Almosport, Quesos Albeniz La Vasco Navarra, Ramos Industrial, Oraa Hnos., Sefer, Lastadi, Orsa, Txartel eta Katealde dira. Guztiek bildutakoen esker ona jaso zuten, eta antolakuntzaren oroigarria.