Irañetan Korrikari eskainitako eguna izan zen larunbata. Eguerdian nor bere petoa margotzera elkartu ziren. Ondoren, Txapel Azpi elkarteko mahaien bueltan 45 irintarrek majo bazkaldu zuten. Arratsaldean kalera atera eta Korrikako bi lekukoak parez pare, herrian barna osatutako zirkuitua barna bata besteari pasatzen ibili ziren haurrak. Akaberan, lekuko barruko mezua irakurri eta, ondoren, elkartu ziren guztiendako txokolate jana izan zen.
Lakuntzan, Korrikaren kontura, bi hitzordu izan dituzte asteburuan. Erraldoiak lekuko zirela Korrika aurkeztu zuten maiatzaren 15ean, ostiral arratsaldean. Hainbat jatorritako lakuntzarren parte hartzearekin. Korrika txikiak etorriko den euskararen aldeko lasterketa iragarri zuen. Hura despeditu ondoren, guztiendako merendua izan zen. Igandean, berriz, herriko euskalkian hizketatzeko praktika saioa izan zen. Lakuntzako euskaran hizketatzen trebatu nahi duenak asteazkenero, 18:00etan, Mintzakide taldea du Gure Nahia elkartean.
Ziordian, bestalde, Bizkarsoro filma ikusteko aukera izan zen ostiralean. Emanaldiaren ondoreen elkartean pintxo-potea izan zen. Domeka arratsaldean, berriz, txikienek Korrika txikiarekin euskararen aldeko aldarria herrian barna zabaldu zuten. Aldi berean, Euskal Herria zeharkatzen ari den errelebo lasterketaren iragarleak izan ziren. Despeditzerakoan txokolate jana izan zen guztiendako.
Azkenik, Olatzagutian, gaur, 17:30ean, Korrika txikia izanen da. Hura despeditzean auzatea eskainiko zaie parte hartzaileei.