Baionako Korrika akaberara joateko deia

Guaixe 2024ko mar. 19a, 14:02

Baionako Patxa plazan aurkeztu dute Korrikaren azken festako egitaraua. AEK

Euskararen aldeko lasterketa martxoaren 24an, igandean, amaituko da eta, segidan, euskaltzaleendako festa gune izanen da Baiona. Sakanatik autobusa abiatuko da eta izena ematea zabalik dago.

Korrikaren 23. edizioa Sakana zeharkatu duten egunean bertan aurkeztu dute errelebo lasterketaren akaberako festa ekitaldia. AEK-k jakinarazi duenez, Korrikak Lapurdiko hiriburu osoa zeharkatu ondoren, Santizpirita zubitik sartuko da karabana koloretsua. Akabera ekitaldia bertan izanen da, Askatasun plazan izanen da, herri etxearen (udaletxearen) parean eta, segidan, festarako tenorea helduko zaie bertaratutakoei. Sakanatik Baionara joateko autobusa izanen da, 08:30ean aterako da ibarretik eta 20:30ean bueltatu. Izena emateko 618 715 778 telefono zenbakira hots egin behar da.  

Lekukoa 12:30erako iritsiko dela aurreikusita dago, azken kilometro nazionalak egin ostean. Une horretan jakinen dugu nor den lekukoaren barruko mezu sekretuaren egilea, eta, noski, baita mezuaren beraren edukia ere. Ekitaldi nagusiaren aurkezlea Pantxika Maitia izanen da, Kanaldude telebista katearen aurpegi ezaguna.

AEK-tik deialdia egin dute Euskal Herriko txoko guztietako jendea bertara dadin, eta, era berean, ustea adierazi dute hitzordu ederra izanen dela Baionako herritarrentzat nahiz eragileentzat, euskararen aldeko lanean segitzeko akuilua. Bestalde, azken eguneko arduradun Ibai Capot Thornary-k azaldu du "kasik dena prest dela" Baionako festarako eta ospakizunak egun osoa iraunen duela. Festa "handia" prestatu dute auzolanean, "KORRIKAk merezi duen modukoa"; elkarlanean aritu da, halaber, Baionako eta Ipar Euskal Herri osoko antolaketa-taldea: ekitaldiak hainbat gunetan egonen dira sakabanatuta, publiko-mota guztiei begira, egitarauan Iparraldeko kultur eragileen parte hartzea lehenetsita. Haien artean Ibil Bedi, Anje Duhalde, Patxaranga elektrotxaranga eta Pontx pailazoa izanen dira, besteak beste.

Jean René Etchegaray Baionako alkateak ere parte hartu du prentsaurrekoan. Nabarmendu nahi izan du, edizio honetan bereziki, hiri osoa aritu dela buru-belarri KORRIKAren alde.

Antolakuntzako azken festari begira bi ohar egin ditu. Batetik, AEK-k berariazko protokoloa ezarri duela martxoaren 24a eraso sexista, arrazista eta homofoborik gabeko eguna izan dadin; bestetik, ahal den neurrian, garraio publikoa erabiltzeko gonbita. Hala ere, autoz joanez gero, antolatzaileek Ametzondo merkataritza-gunean aparkatzeko gomendioa bota dute; bertatik autobusa hartu ahal izanen da, 5 minutuan Baionako erdigunera heltzeko. Horrez gain, bakoitzak bere edalontzia ekar dezala, eta txartelak (tiketak) bankuko txartelarekin ere erosten ahalko direla.

23. Korrika amaierako festaren egitaraua
Naiz Gunea, San Andres plaza

13:45 Anje Duhalde.

16:00 Xutik.

18:15 Xiberots.

20:30 Sfm. 

Merkatu plaza

11:00 Kuxkuxtu.

13:45 Iibil Bedi.

15:30 Frikun.

17:30 Bilabal. 

Etxepare instigtutua gunea, Xaho kaia

13:30 Zikiroa. Txartelak: denda.korrika.eus.

16:00 Pontx pailazoa.

Patxa plaza

14:00 Haira.

15:30 Zetkin.

17:30 Toc.

19:15 Nakar.

21:00 Kuma No Motor. 

22:45 Akts.

Karriketan

10:30 Patxi ta konpania, Gambetta plaza.

13:30 Topatopia batukada ,Patxa plaza.

14:00 Ixtaklok,Bar Basque.

14:00 Patxaranga, Zamai.

18:00 Kuxkuxtu, Xaho kaia

Korrika Lagun ostatuak

1. Kalostrape.

2. Bar Basque.

3. Zamai.

4. Soinua.

5. Realais des halles.

6. Café des Pyrenées "Xina".

7. Hangar.

8. La Petrolette.

9. San Nicolas.

10. Victor Hugo.

11. Bab Cafe.

12. Katie Daly's.

13. Taloka.

14. Sankara.

Eta hainbat elkarte laguntzaile.