Euskarazko udalekuetako eskaintza eta dirulaguntzak prest

Guaixe 2024ko mar. 27a, 13:01

Haurrak eta helduak Etxarri Aranazko plazako zabalgunean. ARTXIBOA

Eskaintzaren berri 'era' euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntza eta baliabideak eskaintzeko webgunearen bidez jaso daiteke. Laguntza eskaerak irailaren 30era arte jasoko dira.

Euskarazko udalekuek disfrutatzeko aukera paregabea eskaintzen die neska-mutikoei, haiendako propio pentsatutako jarduerak eskaintzen baitituzte. Haietara joaten direnek lagun berriak egiten dituzte, eta oharkabean, hizkuntza ohiturak sortu eta finkatzen dituzte. Modu guztietara, ume horiek jarduera atseginekin lotzen dute euskara, eta bide batez, erregistro informala bereganatzen dute, hau da, adinkideen arteko hizkera. Udalekuen eskaintza zabala dago gaur egun, baita euskaraz ere. Dagoeneko udaleku batzuk izena emateko epea ireki dute. Eskaintza horren berri era.eus webgunean dago. Era izeneko web orri hori Nafarroako toki entitateetako 29 euskara zerbitzuek elkarlanean sortu dute, tartean Sakanakoa. Bere helburua da euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntza eta baliabideak eskaintzea, seme-alaben ikas prozesua osatzeko.


Umeak eta helduak Uharte Arakilgo plazan. ARTXIBOA

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak eskaintzaren berri ematearekin batera, jakinarazi du udalekuetara joateko dirulaguntzak ere eska daitezkeela. Beti ere, euskara hutsezko udalekuak badira eta bost egun (lau gau) eta hamabost egun (hamalau gau) bitarteko iraupena eta udako oporren garaian badira. Euskara Zerbitzuak 9.000 euroko diru poltsa du aurten banatzeko. Haur edo gazte bakoitzak udaleku bakarragatik jaso dezake dirulaguntza, gehienez 125 eurokoa.

Laguntza eskabideak irailaren 30era arte egin daitezke. Aurkeztu beharreko agiriak honakoak dira: eskabide ofiziala beteta; aitorpena, helburu honetarako administrazio publikoei edo entitate pribatuei eskatutako edo haiek emandako dirulaguntza guztiena; udalekura joan denaren tutore baten nortasun agiriaren fotokopia; udalekura joan denaren errolda agiria; udalekuari buruzko ezaugarriak zehazten dituen dokumentua; udalekuko asistentzia-egiaztagiria eta udalekua ordaindu izanaren ordainagiria(k).