Abiadura Handiko Trenaren bidez Euskal Y eta Nafarroako korridorea lotzeko proiektuak ukitutako Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako hautetsiek Trenaren, lurraldearen eta herri borondatearen defentsaren aldeko Erakunde Adierazpena sinatu dute. 22 alkatek, 146 zinegotzik eta 40 kontzejuk (14, 84 eta 12 sakandar) bat egin dute adierazpenarekin. Espainiako, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako gobernuei zuzendutako adierazpen horren bidez hainbat eskaera egin dituzte hautetsiek. Lehenik, "Lautada, Goierri, Itza-Oltza eta Sakanako eragile sozioekonomiko guztiekin eztabaida zabal bat sustatzea". Eztabaida horrek bi beharrei erantzun beharko liekeela uste dute. Batetik, trena pertsonen "egiazko" mugikortasun zerbitzua izan dadin nahi dute, herriak haien gertuko hiriburuekin maiztasun nahikoarekin lotzeko. Esaterako, Lautada, Itza-Oltza eta Sakana Iruñea eta Gasteizekin. Bestetik, "ekoizpen sektoreen beharretara egokitutako salerosketen garraio zerbitzua, ekoizpen ehuna indartu eta garatuko duena" eskatu dute hautetsiek.
Adierazpenaren bidez, hautetsiek konpromisoa hartu dute Burgos, Araba eta Nafarroan ibilbideen azterlana eta tren publiko eta sozial baterako proposamena alternatiba edozein forotan sostengatu eta babestea. Horrekin batera, AHTaren garapenerako ministerioak aurkeztu duen proiektua errefusatu dute. Sinatzaileek "herri borondatearekiko errespetua" exijitu dute.
Argudioak
Adierazpenarekin bat egin dutenen iritziz, "klima aldaketaren, isurpenen murrizketa neurrien eta aurrerakuntza teknologikoen testuinguruan, mugikortasunak paradigma aldaketa bat bizi du". Horregatik, "pertsonen eta ekoizpen sektoreen beharretara bideraturiko" estrategiak aldarrikatu dituzte. Trenari dagokionez, "merkantzien garraioan hobetzeko tarte zabala" dagoela argitu dute, gaineratuz, "ekoizpen sektoreen garapenerako ezinbesteko elementu gisa aurreikusten da".
Sinatzaileen iritziz "AHTarendako linea esklusiboek hiri handietan gertatzen ari diren biztanle kontzentrazioak bultzatzen dituzte eta era berean, Lautada, Goierri, Itza-Oltza eta Sakanako despopulazioa eta isolamendua eragiten dituzte tren konexiorik gabe uzten gaituztenean". AHT betiko tren sarearen lepotik hazten ari dela nabarmendu eta tren sareak beraien eskualdeetan duen egoera "goibela" azpimarratu dute: "tren zerbitzuen azpiegiturak txartuz doaz gertuen dauzkagun hirietara konexioak zailduz eta langile eta ikasleen mugikortasuna galaraziz". Sinatzaileek azaldu dutenez, "etorkizun hurbilean trena garraiobide nagusienetakoa izanen den arren gure eskualdeetan tren lotura egokirik ez egoteak" tokiko ekoizpen sektoreen eta etortzeko interesa adierazi duten ekintzaileen ardura sortzen du. Aurreikusitako AHT egitasmoek "gure lurraldea eta orografia larriki" kaltetuko lukeela gaineratu dute.
Ziurtatu dutenez, "Lautadan, Goierrin, Itza-Oltzan eta Sakanan dagoeneko ahalmen handiko tren azpiegitura bat daukagu baina XXI. mendeko erronka eta beharrei aurre egiteko inbertsioen beharra dauka. Gaur egungo tren azpiegitura egokitzeko hainbat proposamen dauzkagu pertsona eta salerosketen garraio konbinatua ahalbidetuko zutenak, honela, ekoizpen sektoreen eta jendartearen beharrak beteko lituzkete. Horrelako jarduerak abian jarri dira dagoeneko Europan eta Estatuko hainbat eskualdetan". Trenaren aldeko plataformek bezala, dagoen trena bikoiztea eskatu dute, azkarrago eta prezio erdian egin daitekeelako. Azkenik, adierazpenaren sinatzaileek gogorarazi dute Adif eta Renfeko sindikatu guztiek eskaera horiekin bat egiten dutela.