Nafarroako Autopistan (AP-15), Izurdiagako dermioan, Iruñerako norabidean zihoan auto bat bidetik atera eta ezpondan gelditu zen martxoaren 22ko ostiral arratsaldean. Istripuaren tokira Irurtzungo osasun etxeko medikua eta erizaina eta Iruñeko suhiltzaileak joan ziren. Autoan zihoan pertsona Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten. Foruzainak istripuaren ikerketaz arduratu ziren.
Bestalde, Etxarrenen auto bat ibilgetu zuten foruzainek. Foru poliziak jakinarazi duenez, gidaria alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzen ari zen. Azkenik, Sakanako Autobian (A-10) kontrako norabidean zihoan autoa geldiarazi zuten martxoaren 26ko igande goizaldean, 00:34ean. Gidariari bi delitu egotzi dizkiote: ausarkeriaz gidatzea eta alkoholaren eraginpean gidatzea.
Horretaz aparte, Altsasun foruzainek mozkortuta zegoen atzerriko pertsona bat aurkitu zuten bazterbidearen ondoan, eta identifikatzeko polizia etxera eraman zuten. Han, pertsona atxilotzeko indarrean zegoen errekisitoria egiaztatu zuten.