Estreinakoz jokatu zen Arakilgo pintxo txapelketa martxoaren 23an, larunbatean. Lehiaketa antolatu zuen Arakilgo Udalak herri bakoitzeko pintxo bat aurkeztera animatu zituen arakildarrak. Satrustegiko Astamendi elkartera Aizkorbe, Etxarren, Satrustegi eta Ihabartik pintxo bana eraman zuten. Herri bakoitzeko herritar batek osatu zuen epaimahaia. Epaileek lau gutizia txikiak dastatu eta epaia ematerakoan biren arteko zalantza izan zuten. Azkenik, Etxarrengo proposamenak eskuratu zuen saria.
Haien egileak Nieves, Eider eta Oihana Santesteban, Miguel Marcos eta Isabel Irurtia izan ziren. Honako pintxoa aurkeztu zuten: ogi goxo batekin egindako tostada, sobrasada marmeladaz bustia. Haren gainean, kuiatxoa, gorritutako tipula, xigortutako baratxuri freskoa, ahuntz gazta, galeper arrautza, xigortutako urdaiazpikoa eta pipak eta fruitu lehorrak gainean. Guztia ozpin berezi baten ukituarekin.