Martxoaren 23an korrika eta aizkora lotzen dituen Euskal Duatloiaren kanporaketa jokatu zen Tolosako zezen plazan. Hogei kirolari lehiatu ziren, tartean lau sakandar: Arkaitz Jauregi, Eloy Corchero, Iban Resano eta Eneko Larrion. Hasieran zutik kokatutako 45 ontzako bi enbor erdibitu beharko izan zituzten, ondoren 2 km korrika egin, eta, bukaeran, 45 ontzako bi enbor etzan erdibitu. 20 parte hartzaileen artean denbora onena egin zuten lehen sei kirolarik lortu zuten apirilaren 21eko final handirako sailkatzea, eta sakandarren artean soilik Arkaitz Jauregik egin zuen aurrera.
Denbora onena 2022ko txapeldun Ugaitz Mugerzak egin zuen (14:20), eta haren atzetik Ibai Soroa (15:14), Oier Kañamares (15:34), Arkaitz Jauregi (16:15), Suharri Rodriguez (16:30) eta Xabier Zaldua (16:38) sailkatu ziren. Seiek final handia jokatuko dute apirilaren 21ean, eta finalean lan bikoitza egin beharko dute. Joan zen urteko irabazleak, Eneko Saralegik ez du aurten txapelketan parte hartu. Jauregik joan zen urtean ere finalean parte hartu zuen eta laugarren sailkatu zen.
Eloy Corchero (17:30), Iban Resano (18:33) eta Eneko Larrion (ez zuen lana garaiz bukatu) finaletik kanpo geratu dira.