1. Korrikako lanak despedituta, lasaiago?
Oraindik ez ditugu lanak guztiz despeditu. Kontuak lotu behar ditugu, eta bestelakoak. Baina Sakanatik Korrika pasa eta gero beste mundu bat izan zen, beste lasaitasun bat.
2. Jende askok ikusi zintuen Sakanan furgonetan igota, animazio lanetan. Korrikako furgonetatik zer ikusten da?
Jende asko ikusten da, eta jendea pozik ikusten da, gustura dagoela, alai. Giro ona ikusten da. Batzuk arnasestuka, sasoi ona dutenak paseatzen egongo balira bezala.... Jende gutxiago dagoenean jendea errazago identifikatzen duzu eta eurekin hartu emana errazagoa da, baina jende asko dagoenean ia ezin duzu fokalizatu.
3. Zer sentitzen da furgoneta gainean egonda?
Jendea animatzen joatea niretako sekulako esperientzia da. Lan polita. Halako gorakada moduko bat ematen dizu. Eta hunkigarria ere bada. Agian zailtasuna duen jendea korrika ikusten duzu, edo lekukoa hartzen... eta horrek hunkitu egiten du. Sakanan ongi ateratzen da Korrika, beti jendea dago.
4. Sakanan bertan korrika egiteko aukera izan zenuen edo beste nonbaiten egin duzu?
Aurten ez dut korrika egin. Furgoneta batetik jaitsi eta bestean igotzeko momentua, hori da egin dudan korrika bakarra.
5. Askok makina bat km egin dituzte zuzeneko emanaldia ikusten. Zuk ere zuzeneko emisioa jarraitu al duzu?
Korrika Iruñean zegoela jarri nuen pixka bat, eta izan zen justu Asironek lekukoa hartu zuen momentu hori. Hori bakarrik. Gero Sakanako argazkiak ikusi ditut, bideoren bat ere, jendearen erorikoak eta biralak egin diren bideo horiek.
6. Zuzeneko emanaldiak %25 igo omen dira.
Korrikak jendea ukitzen du. Jende askok parte hartzen duen ekitaldia da, jendeari barruraino heltzen zaiona. Horregatik jendeak jarraitzen du hainbeste zuzenean, gero Iruñera edo Erriberara doa asteburuan, segidan Sakanan parte hartzen du eta azken egunean Baionara doa. Batzuk esaten didate: “nik ez dut korrika egingo, baino jaiki eta ikusi bai”. Zerbait badu Korrikak. Halaber, jende guztia euskararen alde dagoela pentsatu nahi dut, baina gero praktikatzea, hitz egitea falta da. Mikrofonotik esan genuen ondo dagoela Korrikan parte hartzea, baina mihia pixka bat astindu eta euskaraz hitz egitea, hori da egin behar dena.
7. AEK-k Azterketak Euskaraz egitea aldarrikatzen ari diren Iparraldeko ikasleak omendu ditu. Sakanan aldarrikapen hori ikusi zen?
Bai. Esaterako, Andra Mari ikastolako hiru kilometrotan kartelak atera zituzten, eta uste dut besteren batean baita ere. Aldarri hori ikusi zen Sakanan.
8. Korrika Sakanatik pasa ahala, furgonetatik jaitsi eta Pikuxarren ederki gosaldu zenuten. Han egin al zenuten lehendabiziko balorazioa?
Sakanako hasierako balorazioa oso erraza da, beti positiboa da. Zenbat jende zegoen toki guztietan, asko. Baina Altsasun flipatu genuen gehien; beti egoten da jendea, baina aurtengoa, eta kontuan hartuta tokatu zitzaien ordua ez zela ere egokiena... ikusgarria izan zen. Benetako balorazioa Aste Santua pasata egingo dugu; ordurako kontu guztiak itxita izango ditut.
9. Sakanako herriaz harro? Eta konforme?
Sakanaz oso harro, baina beti. Eta Korrika garaian gehiago oraindik. Konforme? Euskararen erabilera, hori da falta dena. Erabileran denok dugu hobetu beharra, Sakanan ere, eta asko. Bestalde, Sakanan instituzioen babesa dugu, eta alde horretatik kontentu gaude. Baina Euskal Herri mailan, epaitegi mailan... euskararendako babes juridikoa eta administratiboa behar dugu, eta euskara zabaltzeari horrenbeste traba ez jartzea. Nafarroan munduko traba guztiak ditugu haur eskolak euskaraz jartzeko, Erriberan D ereduko lerroa jartzeko... Beti dago hobetu beharra.
10. Euskaltegira dohainik etortzea ere aldarrikapen bat izan daiteke.
Bai, euskara ikastea unibertsala izango litzatekeelako eta doakoa, eta hori garrantzitsua da. Asko falta zaigu horretarako, baina konplexurik gabe eskatuko eta exijituko dugu. Korrikan ikusi den euskararen aldeko indar hori Euskaraldian atera beharko litzateke ahotik, euskara praktikan jarriz, elkarlanean. Kostatzen ari da, baina egunen batean lortuko dugu, ez da esperantza sekula galdu behar.
11. Badoa Korrika, gera dadila euskara, hori zen garai bateko leloa. 24. Korrika beharko da?
Bai. Nahiz eta noizbait doakotasunera ailegatu, normaltasun batera iritsi... Korrika asko mugitzen duen jaialdi bat da, aldarrikatzeko modu bat eta jendea kontzientziatzeko modu bat. Uste dut Korrika beti egon beharko litzatekeela, eta urte askoz hor egongo da, seguru.