Egiaren garaia da (eta inpunitateari amaiera ematekoa)

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Igoa Goñi eta Juan Kruz Aldasoro Jauregi (Etxarri Aranazko Sortu) 2024ko mar. 27a, 08:56

Hogeita zazpi urte jada Josu Zabala Salegi Bilboko erdigunean desagerrarazi zutenetik. Martxoaren 23a zen, eta, aurten bezala Korrika urtea zen. Hain zuzen ere, Korrikaren 10. edizioaren amaiera festa erraldoia ospatzen ari zen Bilbon inor konturatu gabe Josu "altxatu" zutenean, "La Tortilla" tabernaren ingurumarietatik. Hiru egun beranduago mendizale batzuk Josuren gorpua aurkitu zuten Debako Punta Mendata parajean. 

Gobernutik zabaldu zen "suizidioaren" bertsio ofiziala denbora honetan azaleratu diren egitateen argitara erabat desmuntatuta gelditu bada ere, gaur da eguna zeinean Josuren egiak ezkutuan segitzen duen. Ezkutuko egi horren azpian gordeta, kitatu gabe segitzen dute Josuren desagertze eta heriotzaren atzean dauden erantzukizunak. 

Josuren Egiaren ezkutatze hori Josuren familia eta lagunentzat izugarri mingarria da. Oinarrizko eskubide baten urraketa larria da gainera. Baina ez hori bakarrik. Ezagutzen ditugun datu guztiak Estatuaren estoldetara apuntatzen dutenez, esan genezake Josurekin gertatu zena berriz gerta daitekeela Euskal Herrian. "Estatu arrazoiak" gidatzen duen tresneri beltz hori ez da inoiz eraitsia izan. Bizirik eta zigorgabe segitzen du. Tresneri hori bi Estatu egitura nagusitan dago errotua: "segurtasun" indarretako talde antiterrorista berezietan; eta botere judizialaren pasibotasun konplizean. Tresneri horren jardueraren ardura, Gobernuetan. Gobernuak interpelatzen segituko dugu, Josuren egia ezkututik atera arte. Erantzukizunak garbitu arte. Horrelakorik ez errepikatzeko bermeak izan arte. Martxoaren 23an, eguerdiko 12:30ean Etxarri Aranatzeko hilerrian elkartuko gara.